GARA > Idatzia > Kirolak > Herri-kirolak

Aizkora Urrezko txapelketa

Egungo txapeldunek gogor ekin diote lehiaketari, eta argi utzi dute aurtengoan ere faborito direla

J.L. | DONOSTIA

Aurtengo Binakako Urrezko Aizkora txapelketari hasiera ezin hobea eman diete egungo txapeldunek, Larretxeak eta Atutxa II.ak alegia. Horiek mendean hartu dituzte Senosiain I.a eta Mindegia. Multzo honetan biko bakoitzak jardunaldi bat jokatu du, eta puntu bana dute Larretxea-Atutxak eta Arria-Rekondok. Mindegia-Senosiain eta Lopez-Vicente bikoek ez dute punturik.

Hasiera estua izan zuen norgehiagokak, baina amaieran alde dezentea kendu zieten faboritoek. 45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagotan bota neurtuz hasi ziren, eta Mindegia eta Senosiainek irabazi zuten, 31 kolpe eman da. Hiru gehiago behar izan zituzten faboritoek.

Egoerari buelta eman zioten jarraian nafarrak eta bizkaitarrak, 2.09ko denboran bota baitzuten 60 ontzakoa zutik, sei segundoko tartea kenduta.

Ezkurrakoa eta Olaguekoa, ordea, berriro ere aitzinetik jarri ziren hirugarren proban. Erlojuaren kontrako saioa 1.50ko denboran amaitu zuten, zazpi segundoko aldea lortuta, eta berriro ere aurretik jarri ziren. Lan erdietatik aurrera, ordea, Larretxea-Atutxa aurretik ziren, eta hala amaitu zuten. Bi 45 ontzako bota behar zituzten laugarren proban. Bat zutik, eta bestea etzanda. 2.26 egin zuten eta 2.53 aurkariek. Bosgarrenean, bi 60 ontzako bota behar zituzten, eta hor tartea handitu zuten. 4.09ko denbora egin zuten, eta Mindegiak eta Senosiainek bost segundo gehiago behar izan zituzten. Azkeneko proban, bi 45 ontzako, bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako erdibitu behar zituzten. Garaileek, 10.14ko denbora egin zuten, eta Ezkurrakoak eta Olaguekoak 11.38koa. Lan guztiak burutzeko, 21 minutu eta 39 segundo behar izan zituzten Larretxeak eta Atutxak, eta 23 minutu eta 21 segundo Mindegiak eta Senosiainek.

Gazteen mailako lehen saioan, berriz, Erasun eta Kañamares izan ziren garaile. 18 minutu eta 24 segundotan amaitu zituzten lanak, eta 22 minutu eta 21 segundotan Amillanok eta Vazquezek. Bestetik, Euskal Herriko Bigarren Mailako finala Arbizun izango da hilaren 28an.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo