GARA > Idatzia > > Kultura

Artxibo Historiko Nazionalak bi urte barru zabalduko ditu ateak

Bilboko Maria Diaz de Haro kaleko Vesga etxea bota eta 8.000 metro karratu baino gehiago izango dituen eraikin berria egingo dute. Bertan euskal dokumentu-ondarea gordetzea eta ezagutaraztea da helburua.

p041_f01_148x88.jpg

GARA | DONOSTIA

Lehendik zegoen Vesga etxearen zimenduen egoera kaskarra zela-eta, hori bota eta bertan egingo den eraikin berrian kokatuko da Artxibo Historiko Nazionala. Eraikitze lanak datorren urtarrilean hasiko dira eta bi urteren buruan lanak amaituta egotea espero da. Joan den mendeko hogeita hamargarren hamarkadako eraikina botatzearen harira, «galtzen dena baina gehiago irabazten dugu», adierazi zuen Miren Azkarate Lakuako Kultura sailburuak..

Bilboko erdiguneko eraikuntza berri honek, zortzi mila metro karratu baino gehiago izango ditu, hamaika solairutan banatuta: lau lur azpian eta gainerako zazpiak azalean. Fatxada osoa beiraz egindakoa izango da eta akordeoi baten forma irudikatuz, «paper destolestu» baten antza izango du, barruan gordeko dituen dokumentuei keinu bat eginez. Atzealdean, berriz, lorategi bertikal baten itxura izango du eta benetako horizontal batekin emango zaio jarraipena. Barnealdeko eremuak modu «arin eta zabalean» diseina- tuak izan dira, «erabiltzaileak bertan eroso ibil daitezen». Eraikinaren beste ezaugarri nagusienetako bat etorkizunean izan daitezkeen aldaketetara egokitzeko gaitasuna izango da.

Eusko Jaurlaritzako Kultura sailaren arabera, 24 milioi euroko aurrekontua beharko du proiektu honek. Azkarateren esanetan, eraikuntza honek «euskal memoria historikoa gorde eta zabaltzeko lehen mailako ekipamendua sortzearen beharrari erantzuna emango dio. Euskal gizarteak dokumentu horiek eskura izango ditu bertan eta, horrez gain, euskal dokumentuen ondarearen kontserbazioa eta hedapena bermatuko dugu».

Horretarako, zentro berri honek laguntza eta orientazioa eskainiko die Euskadiko Artxiboak sistema osatzen duten erakunde guztiei, horien garapen teknologikoa bultzatu eta eskura duten ondarea digitali-zatzeko. Dokumentuak gordetzeko biltegiaz gain, beste zenbait gune ere izango ditu Artxibo Historiko Nazionalak. Hala nola erakusketak antolatzeko aretoak, lanerako eta kontsultarako guneak, bai eta liburutegi bat ere.

Proiektu berri honek lehendik hasitako beste lan bati jarraipena emango dio. 1986an sortu zen Irargi, Euskadiko Ondare Dokumentalaren Zentroa, orain arte Bergarako Rekalde jauregian egon dena. Miren Azkaratek deialdi bat ere luzatu zuen atzo: artxibo-funts pribatuak dituzten norbanakoei horien digitalizazioa baimentzeko eskatu zien; modu horretan euskal gizartearen eskura jarri ahal izango direla «Badator» programaren bidez. Funts pribatu horiek «emateko» aukera ere aipatu zuen.

Bilboko alkate Iñaki Azkunak esan zuen «lanak baimen kontuak konpondu bezain laster hastea» espero duela. Bizkaiko diputatu nagusi Jose Luis Bilbaok, txalotu egin zuen eraikin hau Bizkaian kokatzea erabaki izana eta «ongi etorria» eman zion proiektuari.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo