GARA > Idatzia > Iritzia > Gaurkoa

Gontzal Mendibil Kantautorea

Euskal kantagintza

Azken eskandaluaren harira, baina «arbolari» ez ezik, «basoari» ere erreparatuz, Mendibil euskal kantagintzaren egoera tamalgarria aztertzera dator. Euskal kulturgintzarekin eta kulturgileekin Administrazio publikoak, eta zehatzago, Eusko Jaurlaritzak darabilen zabarkeria gogor salatzen du abeslari bizkaitarrak. Horregatik, minez, zera ondorioztatzen du: «Aingeru guardakoak aspaldi abandonatu duela euskal kantagintza». Amaitzeko, gurea defendatzearen alde egiten du, munduko hainbat eta hainbat herrialdek eurenarekin egiten duten bezalaxe, harro eta zentzuz.

Harrabotsa eta lotsa bizi du egunotan euskal kulturak eta bereziki euskal musikak. Harrabotsa hedabideetan, Eusko Jaurlaritzako Kultura eragileen erabakien hanka sartzeen, erantzun kaskarren eta bestetikoen aurrean. Lotsa, azalpen desitxurosoak entzutean. Lotsa, jendearen ulertezintasunaren aurrean, kultura kudeatzaileei pena hartu beharko bagenie bezala jardutean. Pena emango baligu bezala dirutza kobratu ostean, kritiken aurrean bere mintasuna agertzen duenak. Gertakizunek eta ika-mikek, euskal kantagintzak oinak mindurik dituela adierazten dute eta bere izana indarge dagoela. Baina harritu gaituena zera da, Jaurlaritzako kultur kudeaketan ari direnek nola sinestarazi nahi diguten beren egindakoaren egokitasuna.

Nork du bere errealitate gordina bizi duenak baino ikuspegi argiagorik? Nork daki honen guztiaren berri? Errealitate zorrotz hau bizi duenari ez zaio galdetzen eta horixe da, izan ere, benetako akatsa. Ez da hutsegite handiagorik entzun nahi ez izatea baino, eta entzuten ez dakienak ezer gutxi daki.

Kantagintzari dagokionez, gure ezbeharra adierazi beharrean aurkitzen gara. Nola irentsi lotsatu beharko luketenek bere horretan jarraitu nahi izatea? Niri eta ni bezalako beste askori ere, ez digu Jaurlaritzako Kultura Saileko inork inoiz ezer galdetu gure egoeraz, gure nahiaz, gure proiektuez, gure kexaz. Kultura ideia bat dute, bide hori markatuta dute eta nola makurtuko dira ba sortzaileen iritzien bila, kritikari akritikoengana, hauengandik ezer ikasteko modurik ez dute eta.

Kultura sailburuak zera dio, ekintzak direla kontuan hartu beharrekoak. Pozik agertzeko motiboak ditu antza Azkarate andereak, baina hemen egia dena zera da, apenas dutela laguntzarik ez onespenik bertako artistek, depreziatuak daudela, eta musikari gehientsuek bizi nahi luketen moduan bizi ezin direnez, ahal duten moduan beharko dutela bizi. Kontura bitez, beraz, hamaika kezkatarako arrazoiak direla eta «arbolak ez duela orro egiten zentzurik gabe, zergatik egiten duen itaundu beharko zaio».

Dena den, oraingo hau guztia doministiku bat besterik ez ote den nago, hainbesteko domestikazioren aurrean. Zeren hemen, Euskal musikak katarro sarkorra du aspaldidanik, isilegian daramagun gaixoaldia. Hau ote aipatzen den «demokraziaren kalitatea»? Eta kritika eta autokritika aspaldi batean isildua bada ere, hausnarketa serioetarako garaiak dira. Artista askoren egonezina nabaria da, ez da proiektu puntual baten gaia, harago doan gaia baita gertatzen ari dena. Esan dezagun behingoz, hitz ponpoxoak, ezer gutxirako balio izan dutenak darabiltzatela hemen. Eta antzerki hutsezko lotsarian gaude sartuak.

Kultura, herri baten bizkarrezurra dugu, arboladia naturaren arnasa den bezalaxe. Arbola bakoitza berean ari da hemen, bere ahaleginetan, zer zuztar burutuko, zein fruitu emango, zein adar zabalduko, zer gerizpe sortuko, baina arbola batzuk penaz bizi dira, eta arbola bati egindako kasu gehiegiak eta era berean arboladia ez zaintzeak ekarri digu arboladiaren orroa eta arboladi osoaren ikuste-inguruaren argitzea. Beraz, arbola baten bizia baino basoaren bizigaitza da aztertu beharko dena hemen.

Artista gehienak minez eta dolorez bizi diren bitartean, baloratzen ez dena baloratu behar denaren aldarrikapenetan bizi gara. Artista euskaldunak hutsaren hurrengo baitira eta kanpokoak dakarzkigute gure kulturaren erakustaldi polita eskaintzeko. Jaurlaritzatik dioskuten «interkulturalitatea», testuinguru honetan hitz hutsala da, interkulturalitatearen deformazioa. Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak gure kantagintzarekiko aspaldidanik daukan deskonexioa eta ezadostasuna adierazi nahi dut, ez besterik, eta hau dela eta, elkarrenganako mesfidantza larritu besterik ez da egin. Zertan datza orain lau urte hain ozen aireratu zen Euskal Kultura Plana? Bete ote du aipatutako helburu minimorik? Benetan izan ote du konexiorik sortze lanetan ari direnekin? Egia esan, ez da ezer berririk nabari, ez du ezer onik ekarri. Bada denbora beherapenetan sartuta dagoena gure musika, arrazoi osoz aipatzen du Joseba Tapiak txikitua dagoela dioenean.

Musika industriaren panorama itogarria dela esateak ez du ezer berririk ekarriko gehienontzat. Euskal musika suspertzeko egiten ote den ahalegin nahiko, hori da gakoa, zeren beste guztia, eskaparate hutsa litzateke, une bateko gardentasuna eta ekimen hanpatua, baina luzarora ezer gutxirako balioko duena. Egia zera da, aingeru guardakoak aspaldi abandonatu duela euskal kantagintza.

Zer falta zaion euskal musikari galdetu diote oraintsu euskal musikari bati. Eta honen erantzuna: publikoa. Eta halaxe da, euskal musikak berpizteko bere presentzia nonahi areagotu beharko du, bestela jai dauka. Eta presentzia areagotzeko erakundeen laguntza behar du. Euskal musikak ba ote du gure erakundeen babesik? Adibidez, har dezagun ETBren jarrera gure kantari eta musikariekiko. Minimon minimorun. Hutsaren hurrengo, lotsagarria! Euskal musikari laguntzea ez da, lagunok, Gabonetako programazioan egiten den antzerkia, sukaldariak, pilotariak, futbolariak eta bestelakoak bertan hala-moduz kantatzen ikustea. Pentsa bestela, kantari eta musikariok pilotan edota sukaldean jardungo bagenu.

Bestetik, gurea defenditu behar dela dioen esaldia bezalakoak hain suelto aireratzen direnean, kontura bitez hainbeste eredu depreziatuen aurrean, zer ote den gurea eta geureak defenditze hori. Kontura gaitezen geroa, orain egiten dugunaren seinale dela. Eta gauzak doazen eran, ez dakigu benetan gure seinalea aspaldian distortsionaturik ez ote dagoen, zeren, bertakoak ez du inongo meriturik hemen.

Normaltzat hartu da, herri anormala den honetan, kultur programazioetan bertakoak gutxiengoa izatea, normaltzat hartu da jaietako programazioetan gure musika herri eta hiri gehienetan %10era ere ez heltzea. Normaltzat hartu da gure telebistak geure musika suspertzeko ezelako programaziorik ez izatea. Normaltzat hartu da inolako motibazio kanpainarik ez egitea. Normaltzat hartu da irratietan ere inongo kuotarik ez izatea eta gutxiengo batzuk izatea euskal musika aireratzen dutenak. Normaltzat hartzen den honetan guztian, nongo herrian bizi ote garen galdetu beharrean gaude, zein kultura mota babesten den, anakronikoa bada ere, euskaldun mundutarragoak izateko gure identitatetik urrundu behar ote dugun.

Miresten ditut beren kantua babesten eta goratzen duten herrialdeak. Musika babesteko kuotak jarri dituzten hainbat herrialde. Brasil, Finlandia, Quebec, edota Andaluzia bera. Frantzian ere beren musika inork ez bezala babesten dute. Miresten ditut besteak beste, inongo konplexurik gabe berea goraipatzen dutenak. Miresten ditut norbere musika defenditzen dakiten herriak. Miresten ditut etxea zainduz, etxekoak zainduz mundura fruituak zabaltzen dituztenak. Miresten ditut usategia zainduz, leihoak zabaltzen dituzten horiek eta usoak hegaletara bidaltzen dituztenak. Eta ez da ezergatik baina, euskal kantagintza gure ondarea da eta «galdu dugun kantua, pitin bat bada ere eskuratuko bada geure ahaleginez egingo da. Ez da ezergatik baina, isiltzen dugun kantaria hiltzen dugun kantaria da, isiltzen dugun kantua, hiltzen dugun kantua da».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo