MENDI ELKARTEA Urteurrena
Uzturretik mundura 50 urte
Tolosako Alpino Uzturre mendi elkarteak mende erdia bete du. Urtean zehar hainbat ekintza egin dituzte urteurrena ospatzeko, eta festa biribiltzeko, liburu eta bideo bat argitaratu berri dute.Andoni ARABAOLAZA
Euskal Herriko hainbat eta hainbat herritan mendi elkarteek izan duten (eta duten) zeregina pisu handikoa izan da. Horietako adibide bat Tolosan kokatu genezake. Gipuzkoako herri horrek betidanik izan du lotura bai mendizaletasunarekin bai eskiarekin, eta, ziur aski binomio horrengatik, Tolosan bat ez baizik eta bospasei mendi elkarte izatera heldu dira.
Horietako bat Alpino Uzturre dugu, eta bete berri dituen 50 urteak direla-eta, haren berri ekarri nahi izan dugu orriotara. Bai, mende erdiko historiaren jabe da gure protagonista. Eta historia aipatzen dugunean, benetako historiaz ari gara. Aitortu beharra dugu Alpino Uzturreren sorrera eta haren lehenbiziko urratsak ez zirela batere gozoak izan. Are gehiago esan genezake, arazoak gainezka izan zituen.
Sarrera moduko bat egiteko, gogora ekarri beharrean gaude Tolosa CF taldea. Izan ere, talde horretan izandako mendizale batzuek sortu baitzuten elkarte berria. Segituan izan zuten aurrez aurre lehen oztopoa. Arestian aipatu dugun bezala, Tolosak mendi elkarte asko izan ditu (eta ditu), eta garai haietan bost zeuden: Tolosa CF bera, Aralarko Adiskideak, Ski Club Tolosano, San Esteban eta Oargi. Ugaritasun hori zela-eta, orduko Euskal Mendizale Federazioak ez zuen erraztasunik eman elkartea sortzeko, baina, negoziazio luze baten ostean, jaso zuten baimena.
Bigarren oztopoa elkarteko estatutuak finkatzeko orduan iritsi zen. Madrilera bidali, eta pare bat urte pasa eta gero jaso zuten behin-behineko onarpena. Zergatik, bada, hainbesteko atzerapena?: «Tolosako norbaitek, Alpinokok baino pisu handiagoa zuenak, separatistak ginela esan zuela-eta atzeratu zuten».
300 sinadura baino gehiago lortu ondoren, osatu zen elkartea, baina, zoritxarrez, ez materialik, ez egoitzarik, deus ere ez zuten. Hala ere, benetako urratsa eman zuten: beste elkarte baten menpe izatetik, naturaren inguruko kiroletan jardungo zuen elkarte berri bat izatera pasa zen. Hots, mendi irteerak, eskalada, eskia, Euskal Herriko historiaren kontzientzia zabaldu, argazkigintza, hezkuntza-zainketa... hori guztia barne hartu zuen Alpino Uzturrek.
Azkenean, 1958. urtea amaitzen ari zela, abenduaren 3an hain zuzen, sorrera batzarra egin zuten, eta Juan Mari Kuku Goiogana aukeratu zuten elkarteko buru.
Liburua eta bideoa
Hitz gutxitan esanda, baina horixe izan zen orain dela mende erdi Tolosako Alpino Uzturreren sorreran gertatu zena. Ondoren, mendi elkarteak izan duen bidea luzea bezain oparoa izan da. Memoria historiko hori ez galtzeko, eta urte osoan ospakizunetan izan direnez, amaiera ederra eman nahi izan diote liburua eta bideoa argitaratuz.
Pasa den hilaren 13an eginiko ekitaldi batean aurkeztu zuten. Joxemi Saizarrek burututako lanari esker, mendi elkartearen historia 230 orriko liburu eder batean, «Uzturretik Mundura», jasota geratu da. Orrialde horietan argi ikusten da Alpino Uzturrek ekinean jardun izan duen mendi elkartea dela. Adibidez, ondo baino hobeto azaltzen du elkarteak betidanik eskiarekin lotura handia eta zuzen-zuzena izan duela: Jose Sasietak bultzatuta, Aralarren antolatutako lehen txapelketak, 1969ean Candanchun egindako Espainiako Iraupen Eskiko Txapelketa, eski modalitate horretako Euskal Herriko talde garrantzitsuenetarikoa izan da urte askotan...
Eskaladak ere garrantzia handia izan du mendi elkartean. Adibidez, Mikel Arrastoa Gipuzkoako eskalatzaile ia gehienen irakaslea izan zen; besteak beste, haren ikasleak Joxe Urbieta Takolo, Patxi Berrio eta Javier Miralles izan ziren. Tolosako abenturazale asko ere Alpinon hasi ziren: Josu Iztueta, Angel Ortiz, Angel Cuerdo...
Eta liburuak jasotzen duen izenburuak ondo islatzen duen bezala, Uzturretik salto egin eta mundu zabalean ere izan dira hainbat eta hainbat espedizio egiten: Kenia, Alpeak, Comunismo eta G2 (mendia), Cerro Torre (eskalada), Laponia eta Groenlandia (eskia)...
Esan dugun bezala, hori guztia eta askoz ere gehiago azaltzen du Saizerrek idatzitako liburuak. Ezin ahaztu ezta ere, Pablo Dendaluzek egindako bi orduko bideoa. 50 urte mendiari lotuta, historia zabala eta aberatsa, Alpino Uzturrerena. Zorionak.