GARA > Idatzia > Kultura > Irrati-telebista

«Sare komertzialetik kanpo dauden taldeei ahotsa ematen diegu»

JON IJURKO

INFO7 IRRATIKO «KALEKO MOBIDA» SAIOKO GIDARIA

Jon Ijurko hernaniarra musikaren munduan buru-belarri sartuta dago, zehazki, punk eta oi! estiloen barrunbeetan. Puzkarra Records zigiluaren sortzaile eta Orreaga 778 taldeko kideak Info7 irrati libreko «Kaleko Mobida» saioko gidaritza hartu, eta ostiralero, gaueko 23.00etatik aurrera, Euskal Herriko punk eta oi! musikarekin zerikusirik duen guztiaren berri ematen du.

Odeia AIESTARAN | DONOSTIA

«Kaleko Mobida», punk eta oi! musika ardatz duen irratsaioa, Info7ko arrakastatsuena da. Jon Ijurko gidariak programaren nondik norakoak azaldu dizkigu.

Musikari, diskoetxe bateko kide, «Kaleko Mobida» saioko aurkezle... Nor da Jon Ijurko?

Geldirik egon ezin duen pertsona bat eta musikaren mundu horretan, zehazki, punk eta oi! musikaren munduan, denetan esku hartzen duen norbait.

Nolako saioa da «Kaleko Mobida»?

Punk eta oi! musikari eskainitako saio bat da eta, estilo hori ardatz hartuta, gaurkotasuneko gaiei jarraipena egiten eta protagonista bilakatzen diren talde eta bakarlariei tarte bat egiten saiatzen den saioa da.

Musikaren harira saio ugari egiten dira. Zuen saioko ardatza, ordea, punk eta oi! estiloak dira. Zer dela eta?

Bueno, niri egia esan musika estilo gehiago ere gustatzen zaizkit, baina azken aldian oi! musikan eta Euskal Herrian gaur egun ditugun estiloetan, punk eta oi! musikaren nahasketan gehiago sartuta ibili naiz, oso gustuko dut. Hainbat taldetan ere aritu izan naiz eta azken urteetan, batez ere XXI. mende hasieratik hona, gorakada handia izan duen musika mota izan da; gainera herri guztietan talde asko sortu direla ikusi dugu. Beraz, irratsaio bat egiteko mamia bagenuen eta aurrera egitea erabaki genuen.

Zer beharrei erantzuten die «Kaleko Mobidak»?

Punk eta oi! musika jartzeaz gain, gaurkotasuneko gaiei ere begiratzen diegu. Halere beste helbururik ere badugu. Beste irratietan eta musikari buruz hitz egiten duten beste irratsaio batzuetan sare komertzialetik kanpo dauden taldeek oso tarte txikia eta murritza dute; Euskal Herriko irratigintzan eta komunikabideetan, oro har, halakoek ez dute lekurik. Hori betetzera dator gure saioa, fanzineak edota halako euskarriak bezala. Azken finean, talde horiei propaganda egitera goaz.

Talde berriak ezagutaraztea da, beraz, zuen egiteko bat. Gero eta gehiago sortzen ari den seinale ote da?

Euskal Herrian, batez ere Gipuzkoan, gorakada nabarmena izan da azken urteetan. Talde asko sortu dira eta punk eta oi! estiloari lotutako skinhead mugimendua ere hazi egin da, normalean, historikoki, elkartuta joan baitira. Beste lurraldeetan gorakada mantsoagoa izan da, baina lehen ez zeuden taldeak sortzen ari direla ikus daiteke eta batez ere talde horien inguruko azpiegitura handitu egin da: kontzertuak, gurea bezalako irratsaioak edota fanzineak (irabazi asmorik gabe egindako aldizkariak) ere asko ugaritu dira eta euskarriek mugimendu handi samarra sortu dute.

Nolako funtzionamendua du saioak?

Hilabetean elkarrizketa bat edo bi egiten ditugu; besteetan, berriz, taldeen edota proiektuen gaineko informazioa eskaintzen dugu. Azpimarratu behar da jendeari euren ekarpena egiteko eskatzen diogunean oso ondo erantzuten digutela, eta batez ere ezagutzen gaituzten taldeak eta fanzine egileak oso gustura etortzen dira «Kaleko Mobida» saiora. Barruan, bestalde, hiru pertsonok osatzen dugu lan taldea eta gure artean banatzen dugu lana. Faltan botatzen duguna, halere, kolaborazioak dira. Jendea alfertuta dago, nonbait!

Info7ren webgunean «Kaleko Mobida» saioko atala bisitatuena omen da. Zein da arrakasta horren arrazoia?

Gaur egun musika mota honen jarraitzaile asko dago, nahiz eta egia esan ez nuen uste saioak hainbeste entzule zituenik. Gero eta gazte gehiago gerturatzen da estilo honetara eta askok ez dute kontzertuetara joaterik, beraz, saioaren arrakastaren arrazoi bat izan liteke hori. Gaur egun denok dugu ordenagailu bat etxean, horregatik, astero-astero, ez dute hutsik egiten.

Urtarrilaren 2an ez da saiorik izango. Hilaren 9ko saioko aurrerapena egiterik bai?

Indarberriturik itzuliko gara eta urte berriari indartsu ekingo diogula esan dezaket.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo