GARA > Idatzia > > Euskal Herria

KRONIKA | Manifestazioa Iruñean

«Okupazioa ez da delitua», kalean eta teilatu gainean

kupazioa ez dela delitua aldarrikatu zuten atzo ehunka lagunek Iruñeko kaleetan barna. Hainbat protesta ekintzengatik kartzelaz zigortu nahi dituzten lagunen aurkako epaiketak hastear daudenean, ehunka herritarren sostengua jaso zuten auzipetuek. Manifestazioa Euskal Jai gaztetxea zegoen lekura iritsi zenean, hiru pertso- na igo ziren obretan dagoen termen eraikineraino. «Gure etxea, gaztetxea» garrasia nagusitu zen kalean orduan. O

Iruñerria Piztera Goaz mugimenduak antolatutako manifestazioak 500 pertsona inguru bildu zituen Iruñeko kaleetan barna. Gazteentzako eremu autogestionatu bat eskatzeagatik egindako hainbat protesta ekintzetan parte hartzeagatik auzipetutakoei -guztira 60 urteko kartzela zigorrak eskatzen dituzte euren aurka- sostengua ematea, eta okupazioa ez dela delitua aldarrikatzea izan zuen helburu.

Lehenengo epaiketa urtarrilaren 8an hasiko da, eta bertan garabi batera igotzeagatik lau urteko espetxe zigorra eskatzen du fiskaltzak gazte batentzako eta bi urte eta erdi beste birentzako. Egun hartan, hiru pertsona San Agustin kaleko Euskal Jai gaztetxea egon zen lekuan garabi batera igo ziren eta bi pankarta eskegi zituzten; bat garai horretan kartzelan zegoen Xabier Errea gaztearen askatasuna eskatuz eta bestea, Euskal Jai gaztetxeak bizirik jarraitzen duela aldarrikatuz.

Aurrerago izanen den beste epaiketa batean berriz, bi urteko espetxe zigorra eskatzen dute Labrit aldapan lurrean eseri ziren hamaika pertsonentzako. Horietako bi hormigoi bidoi batera kateatu ziren, eta udaltzainek identifikatu arazi zituzten. Beste guztiak berriz, Telefonicako egoitzaren ondoan dagoen bideo-kamerari esker identifikatu zituzten.

epaiketak, inuxentadak

Manifestazioa arratsaldeko bostak pasata irten zen Autobus Geltoki zaharretik, «Aukera bakarra, desobedientzia» lelopean, eta udaltzainez eta polizia espainiarrez inguratuta. Mobilizazioak Inuzente Egunarekin bat egin zuenez, manifestazioan parte hartu zuten hainbat pertsonek, epaiketak kasuz kasu gogorarazten zituzten inuxente panpinak zeramatzaten: «Lurrean esertzea, 2,5 urteko kartzela zigorra», «Lau urte espetxera, grua batera igotzeagatik» edota «Pankarta bat, lau urteko espetxe zigorra, borra kolpe bat, lau domina», besteak beste.

Manifestazioak geldialdirik gabe egin zuen aurrera Labrit aldapara iritsi arte. Ibilbidean, «ez da okupazioa geldituko duen espetxerik», «auzo bat, gaztetxe bat» edo «gaztetxea, aurrera» bezalako oihuak entzunarazi zituzten. Behin Labrit aldapara iritsita, bi urte eta erdiko kartzela zigorraren mehatxua gainean duten hamaika pertsonek eserialdia egin zuten lekuan bertan gelditu, eta parte hartzaileek hor gertatutakoa gogorarazi zuten. Hainbat metro aurrerago, berriz, gazteak lurrean eseri egin ziren auzipetuei elkartasuna adierazi nahian. Baina eremu autogestionatu baten alde eta epaiketen aurkako protesta ekintza ikusgarriena oraindik iristeko zegoen.

San Agustin kalean duela lau urte arte Euskal Jai gaztetxea egon zen lekura iristean, arropa laranjaz jantzitako hiru pertsona obretan dagoen termen eraikinera igo ziren eta ziurrenik manifestazioan parte hartzen ari ziren gazte gehienen sentimendua azaltzen zuen pankarta handi bat eskegi zuten: «Kartzela eskatu arren, zerua izango dugu. Iruñerria bizirik». Tentsio handiko uneak izan ziren, polizia espainiarrek, manifestarien artean bultzaka sartuz, obra gunea inguratu baitzuten. Azke- nean, egoerak ez zuen okerrera egin. Obretara igota zeuden pertsonak laster jaitsi ziren, eta GARAk jakin ahal izan zuenez, Poliziak ez zituen gazteak atxilotu, ezta identifikatu ere.

Mobilizazioak aurrera jarraitu zuen eta Udaletxe plazaraino iritsi zen. Bertan, poliziaz inguratuta, autogestioaren aldeko txalaparta emanaldia eskaini zuten. Ondoren, Iruñerria Piztera Goaz mugimenduko bozeramaile batek hitza hartu, eta epaiketa horiek salatzeko mobilizatzera dei egin zien bertan bildutakoei. Urtarrilaren 8an, Nafarroako Auzitegiaren parean bilduko dira, 12.00etan.

Asier VELEZ DE MENDIZABAL

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo