AIZKORA
Joseba Otaegi izan da Bigarren Mailako onena
J.L. | DONOSTIA
Joseba Otaegik eta Jose Angel Zubiagak lortu zuten atzo, Arbizun, datorren urtean Lehen Mailan jokatzeko txartela. Beraz, Arabak, lehen aldiz izango du maila nagusian aizkolari bat, herrialde horretakoa baita Zubiaga.
Txapela, berriz, Joseba Otaegik jantzi zuen. Zizurkildarra bigarren enborretik aurrera nagusi izan zen, nahiz eta lan erdietan Zubiagak aurre hartu zion. 300 ikusle inguru batu ziren finala ikusteko. Aizkolari bakoitzak bi kana-erdiko, bi 60 ontzako eta bi oinbiko erdibitu behar izan zituen. Hasiera batean, Lasak ere hemen izan behar zuen, baina, gerriko minak jota, ezin izan du parte hartu, eta kanporaketan zazpigarren sailkatu zen Ugarteburu lehiatu zen haren ordez.
Hasiera iragartzen zen modukoa izan zen, bizi-bizia, alegia. Lehen egur hori botatzen lehena Luixmari Belarra izan zen, baina ez zituen aparte Otaegi eta Rekondo. Bigarren enborretik aurrera, ordea, zizurkildarra zen aurretik, enbor erdietara heldu zirenean, ordea, Arabako txapelduna pasatu zen sailkapeneko burura.
Lan erdietan Zubiagak 9 minutu eta 45 segundotako denbora zuen, eta zortzi segundo kentzen zion Otaegiri, eta hamar Rekondori. Atzerago ziren Mugertza, Belarra eta Ugarteburu.
Hortik aurrera lehia Otaegiren eta Zubiagaren artekoa bihurtu zen. Rekondok, aldiz, bigarren oinbikotik aurrera atzeraka egin zuen, eta azken-aurreko postuan amaitu zuen. Aipagarria izan zen baita ere, Ugartebururen lana. Ezkiokoari ostiralean esan zioten finalean izateko, Lasak min hartu zuela-eta. Ez du prestatzeko astirik izan, baina hirugarren amaitu zuen. Lan erdietan besteengandik atzera zegoen, baina azken hiru enborretan lan bikaina egin zuen.
Bizkaiko finalean, berriz, Aitzol Atutxak ez zuen aurkaririk izan. Nahiz eta azkeneko saio hori sukarrez zegoela jokatu, erraztasun osoarekin gailendu zen. Aizkolari bakoitzak lau kana-erdiko, bi 60 ontzako eta bi oinbiko erdibitu behar izan zituen.
Idi-probetan Euskal Herriko finala jokatu zen herenegun gauean Aian. Bertan BBK sariketako hiru onenak lehiatu ziren. Landazabalen uztarria izan zen nagusi, 44 plaza eginda. Bigarren Zerainena sailkatu zen, 42 untze eta 4,80 metro egin da, eta azkena Ixamarena, 37 untze, zinta bat eta 0,70 metrorekin.