GARA > Idatzia > Kirolak > Pilota

Berezkoak

Ezkurrak iragarpenak bete ditu Superprestigioan

Urruñako atzelariak jantzi zuen txapela, baina atzo Thierry Harizmendik ere partida bikaina egin zuen. Lapurtarraren eskarmentua erabakigarria izan zen.

EZKURRA II 40

HARIZMENDI 37

Jon LEUNDA | DONIBANE GARAZI

Ez zen ezusterik izan eta Paxkal Ezkurrak irabazi zuen atzo Superprestigioa, baina uste baino lan gehiago egin behar izan zuen Thierry Harizmendi mendean hartzeko. Bi pilotariek oso neurketa dotorea eskaini zuten, eta amaieran zaleek jakin zuten hori eskertzen.

Paxkal Ezkurra zen hasi aurretik atzokoa irabazteko faborito nagusia. Thierry Harizmendiren alde, ordea, inor gutxik egiten zuen. Ezker paretan aritu da Aspe enpresarekin, eta horiekin zuen kontratua amaitu ostean, EPB enpresak fitxatu du trinketerako. Hau izan du lehen lehiaketa ofiziala, eta Nafarroa Behereko pilotariak garbi utzi du etorkizunean ere oso kontuan hartu beharreko izango dela.

Hasierako orekaren ostean, Harizmendik hartu zuen aurre, eta 5-10 aitzineratu zen. Ordura arte dirua oso nabarmen zegoen Urruñakoaren alde, baina markagailua horrela jarri zenean, apustularien artean zalantzak sortu ziren.

Paxkal, ordea, handia da, ongien ez dabilenean ere, zerbait egiten du, horrelakoa da bera, pilotari bikaina, ez zuen etsi, eta partidari buelta eman, eta 20-13 aitzineratu zen. Bazirudien zailena egina zuela, eta txapela lortzeko bidea irekitzeko modua ere egina zuela, baina ez zen horrela izan, berriro ere Harizmendik oreka jarri baitzuen markagailuan, 21-21. Ondorengo kintzeetan ere gauzak parean joan ziren, eta partidako azken txanpara ere horrela heldu ziren, markagailuak 33-33 erakusten zuela.

Ezkurrak jarraitzen zuen faborito izaten, baina jendeak zalantza asko zituen Harizmendi bikain ari baitzen. Urruñakoak, ordea, ez zuen barkatu, botetik alde dezentea atera zuen, eta amaierara bera heldu zen lehenengo, eta berak jantzi zuen txapel preziatua.

Hala ere, lehiaketa honek ondorio batzuk utzi ditu. Berehala Bakarkako Txapelketa hasiko da. Ezkurrak, hor ere faborito izaten jarraituko du. Iaz finala galdu egin zuen Waltariren aurka, baina aurten ez du horrelakorik errepikatzerik nahi.

Orain, ordea, faborito horien zerrendan sartu beharko da Harizmendi, nahiz eta agian Superprestigio honetan bezala ez dituen aurkariak ezustean harrapatuko.

 

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo