Mikel Aramendi Kazetaria
Iragana eta etorkizuna aro baten amaieran
Abenturari neokontserbadoreen agintaldiaren ondoren, munduko lehen gerra nuklearra inoiz baino hurbilago dago 2009a hastean (1945ekoak ez baitu deitura hori merezi arma atomikoz buruturiko aldebakarreko hilketa zibila besterik izan ez zenez ).Bush II.aren zortzi urteko agintaldia amaitzeko ordua iritsi da, ezkorrenok ere susma genezakeena baino aski ilunago gainera. Garai batean superpotentzietako bat, geroago hiperpotentzia bakarra, eta hemendik aurrera jakizu zer izango den horretan, jarraibide garbirik ez dagoenetan sortu ohi den oportunismo geopolitiko arruntaz gain, zortzi urteotan ereindako anabasa guztiaren fruituak ari dira lurreratzen banan-banan; eta hori guztia aski ez balitz, sistema osoaren egitura-krisiarekin, askoz sakonagoko zutabeak ere zartatzen ari direla dirudi. Ez gara, ez, urtea bukatzen ari, soilik.
Israelgo errejimena arestian Gazan egiten ari dena, bere basatian, deja vu bat besterik ez litzateke izango ikuspegi horretatik. Duela bi urte eta erdi Libanon egin nahi eta ezin izan zuenaren errepika erraz bat, Hamas ez delako Hezbola adinako etsaia. Huitzilopochtli gerra jainkoari, gero eta maizago eta gero eta ugariago, giza sakrifizioak eskaini behar izan zizkioten azteken historia berregiten ari da sionismoa, militarismo guztien patu historikoa errepikatuz. Tel Aviveko gobernukideen hauteskunde kanpainako kartelak kolatzeko ere odola behar da, Quetzalcoatl estatubatuarraren abegi ona duten bitartean edozer dutela zilegi sinetsirik baitaude itsuki. Eta horrexegatik, Obamaren administrazio berriaren jainkoak norainoko babesa emango dien oso ziur ez daudenez, Panquetzaliztli odoltsua abenduan hastea erabaki dute. Ifrentzuari begiratzea komeniko da, ordea: hilabeteak ez ezik, urteak ere eman ondoren Iranen aurkako eraso plantak egiten, Ekialdetik etorriko den arriskuaren aurrean jainko mendebaldarren babesa besterik ezin dutela espero deliberatu bide dute Lurralde Okupatuetan zibilak akabatzen hain emankorrak diren horiek.
Etorkizun hurbileko berri nagusiak nondik nora ibil daitezkeen aurreikusi nahi duenak, giza-hiltegi bihurturiko Palestina horretatik ekialderago begiratu behar luke seguruenik. Abenturari neokontserbadoreen agintaldiaren ondoren, munduko lehen gerra nuklearra inoiz baino hurbilago dago 2009a hastean (1945ekoak ez baitu deitura hori merezi, arma atomikoz buruturiko aldebakarreko hilketa zibila besterik izan ez zenez). Hindustanen, noski, India eta Pakistanen artean. Mumbaiko erasoen ondorengo mugimendu politiko-militarren sakonera begiratzea nahikoa da arriskua bene-benetakoa dela ohartzeko. Ekaitz larrien aurreko baretasun astuna sumatzen da. Lehergaia prest dago. Pizgailua nahikoa izango ote den jakin behar da orain. Edota, ez balitz, norbaitek beste pizgailu bat sutuko ez ote duen.
Tenore honetan, Asia Ekialdeko beste potentzia nuklearrak, Txinak, Adengo golkoko piratakeriaren aitzakian, eskualdera bere gerraontzi modernoenetako bi bidali izanak gure artean aurkitu duen harrera pintoreskoak pentsarazten dit, hala ere, gertatzen ari denaz ez jabetzeko izugarrizko ahaleginak egiten ari garela. XV. mendearen hasieran Zheng He nabigatzaile txinatarrak Indiako Ozeanoan eginiko joan-etorriak gogorarazi dituzte batzuek, aurrekari gisa. Pleitesia eske ez baizik informazio bila joan direla ikustea horren zaila ote da?