GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

Aitor Irigoien Odriozola Enpresen Antolaketa eta Zuzendaritzan lizentziaduna

Milioien trena

Erregeetako zozketa iragartzeko kartel batek nire arreta bereganatu zuen. Zehazki honakoa zioen: «Millones para frenar un tren». Irakurtzean Abiadura Handiko Trena etorri zitzaidan burura. Honela, iragarkiko esaldiari buelta ematea otu zitzaidan: «Un tren para ganar millones»

Ez naiz loteria zalea. Milioidun bilakatzeko grina inoiz baino indartsuago azaleratzen den egun hauetan ere ez diot aparteko arretarik eskaintzen. Zorionez, ez da nire bizitzako ilusio, xede nagusia dirudun izan eta dirua etengabe pilatzea. Bizitzeko behar adina izatearekin konformatzearen garrantzia ongi erakutsi didate. Diru gosea zorionaren iturri baino zoriontasun falta eta barne hutsunearen adierazle gisa ikusten dut.

Aurreko egunean ordea, Erregeetako zozketa iragartzeko kartel handi batek nire arreta bereganatu zuen. Zehazki honakoa zioen kartelak: «Millones para frenar un tren». Irakurtzean burura etorri zitzaidan lehena Abiadura Handiko Trena izan zen. Honela, iragarkiko esaldiari buelta ematea otu zitzaidan: «Un tren para ganar millones».

Izan ere, makroproiektuaren atzean diruaren usaina atzeman daiteke. Zorigaiztoko dirua da berau eraikitzearen arrazoi nagusia, eta baita tren erraldoi honen sustatzaile eta laguntzaileak mugitzen dituen ezkutuko indarra.

Beste behin, ordezkatzen duten herriaren beharrez ahaztuta, jakin nahiko nuke proiektu hau egia bihurtzen lagundu duten politikari eta administrazio publikoetako goi karguek zenbat mila euro jaso dituzten enpresa eraikitzaileen diru-zorroetatik...

Bien bitartean, herritarrontzat hau dela onena esaten digute beren komunikabideetan. Ohi bezala, beraiek dakite zer den herriarentzat ona eta zer txarra. Horregatik ez zaie beharrezko iruditzen herriari ezer galdetzea. Ona dela argudiatzearekin eta herritarrek lau urtean behin ematen dieten botoekin aski dute herriaren izenean hitz egiteko. Eta noski, eurentzat ona dena soilik da herriarentzat ona...

Demokratikoagoa eta zuzenagoa litzateke interes komunei garrantzia eman eta herriari iritzia eskatzea, baina honek beti eman izan die beldurra. Herriak iritzi desberdina izan dezakeelako ote?

Jarrera hau Estatu espainoleko agintari politikoengan atzeman daiteke, baina baita EAEko Gobernua gestionatzen dutenengan ere. Azken hauek aipatzen dute nagusiki herriari hitza ematearen garrantzia (erreferenduma, kontsulta...). Eta honetan denok egon gaitezke ados. Baina ondoren beraiek dira inoiz aplikatu ez eta herriak iritzia ematea behin baino gehiagotan oztopatzen dutenak.

Ondorioz, eta egiterakoan arrazoi osoa duten arren, demokraziaren pertzepzio oso murritza duen Gobernu espainolari herriaren hitza errespeta dezala eskatzera joan aurretik, ispiluaren aurrean begiratu eta autokritika zorrotza egiteko eskatuko nieke. Etsenplu ematea da gainontzekoei irakasteko modurik onena.

Trenaren gaira itzuliz, proiektu erraldoiak burutzeko gehiegizko irrika ere nabari zaie agintariei, proiektu handienak beti ez direla onenak edo beharrak egokien asetzen dituztenak argi izan beharko luketen arren.

Bestetik, aipatu trenak guztionak diren mendi eta lur sail ugariren suntsiketa, eraldaketa eragingo duenez, eta aurrekontu publikoetatik (guztion dirutik) proiektu horretara milioiak bideratzen ari direnez, are eta garrantzitsuagoa deritzot lehenik herritarroi informazioa eskaini eta hitza ematea. Baita eztabaida sustatu, beste alternatibak aztertu edota aditu desberdinen iritziak jasotzea. Liskar, amorru eta samin ugari ekidingo litzateke. Hau dena egin ezean, inposizio gisa ulertu behar da AHT.

Horrela, film hau ikusia dudan sentsazioa dut; deja vu gisako sentimendu bat. Ez da halako makroproiektu bat inposatzen saiatzen diren lehen aldia; ez da kasu bakana. Hor dugu aurretik, Lemoizko zentral nuklearraren afera eta denok gogoratzen dugu izan zuen amaiera tristea. Egunotan, Guggenheim eta Balentziaga supermuseoaren auziak ere ospetsu bihurtu dira, gehiegikeria, irregulartasun, iruzur eta joko zikinaren isla biak.

Beste asko bezala, sarri handinahiak eta harropuzkeriak galtzen gaitu eta gauza ikusgarriak egitearen obsesioak itsutu. Oraindik ere batzuontzat irudi soil bat baino gehiago den Ernesto Guevarak esana da: «Lo más inportante no es hacer cosas extraordinarias, sino hacer cosas ordinarias extraordinariamente bien».

Guk ordea, desarrollismo delakoaren burbuilan barneratuta, gehiegizko anbizioaren morroi izaten jarraitzen dugu.

Amaitzeko, zehaztasun tekniko, arkitektoniko eta abarretan murgildu gabe, argi dago AHT ez dela herritarren beharrei so eginez funtzionatuko duen trena; ez dela garapen iraunkorrari lagunduko dion proiektua; ez dela egungo garraio arazoak konponduko dituen irtenbide magikoa... Milaka herritarren ingurune eta bizimoduan eragin kaltegarriak izango dituen gehiegikeria bat baizik. Diruaren interesen menpe, gutxi batzuei are diru gehiago irabazteko aukera emango dien trena, hots, milioien trena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo