GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Manifestazioa «olatu» bihur dadin nahi dute, espetxe politika aldatzeko

Etxeratek agerraldia egin du Bilbon, larunbaterako antolatutako manifestaziora dei egiteko. Hogei bat eragile politiko, sindikal eta sozialen ordezkari eta dozenaka senide zein preso ohirekin batera, «benetako olatua» bihurtzearen alde agertu dira, bi Estatuek beren «espetxe politika krudela» bertan behera utz dezaten. Dagoeneko 3.000 pertsonak mobilizazioari atxikimendua eman diola jakinarazi du euskal preso politikoen senideen elkarteak.

p022_f03_250x148.jpg

Ruben PASCUAL |

Etxerateko bozeramaileek prentsaurrekoa egin zuten, dozenaka eragilek eta ordezkarik babestuta, larunbatean, urtarrilak 3, Bilbon egingo den mobilizazio isilean parte hartzera dei eginez. Manifestazioa, «Heriotza zigorrik ez! Biziarteko zigorrik ez! Eskubide guztien jabe, euskal presoak euskal herrira!» lelo- pean, Aita Donostia plazatik abiatuko da 17.30ean.

Agerraldian 20 bat eragiletako ordezkariak izan ziren, tartean erakunde politikoetakoak (ezker abertzalea), sindikaletakoak (LAB, EHNE...) zein sozialetakoak (Gazte Independentistak, EHE, Askapena, Bilgune Feminista, Haizea Abokatuak, bertsolariak, Herria 2000, Esait, Ikasle Abertzaleak...).

Gainera, hainbat alorretako eragile ugarik agertu dute atxikimendua eta, orotara, jada 40tik gora baino gehiago dira larunbateko martxari sostengua adierazi diotenak. Azpimarratzekoa da, halaber, Euskal Herriko gehiengo sindikalak bat egin duela Etxeraten deialdiarekin, ELA, EHNE, LAB, STEE-EILAS, ESK eta Hiru sindikatuen babesa bildu baitu.

Erakunde horietaz gain, Etxeratek jakinarazi zuen 3.000 bat norbanakok ere helarazi dietela beren atxikimendua.

Presoen senideen elkarteko kideek baieztatu zuten «gustura» daudela, «jazarpen, ukazio eta eskubideen zangopilatzearen» aurrean eskatutako konpromisoari Euskal Herriko eragile sozial eta sindikalek emandako erantzunarekin.

Izan ere, eragile horiek bat egin dute Etxeratek mahai gainean jarri zituen aldarrikapenekin: gaixotasun larriak dituzten presoen berehalako kaleratzea, biziarteko espetxe zigorraren amaiera, isolatze edo bakartzearen amaiera eta presoen Euskal Herriratzea.

Bestalde, Etxerateko eledun Jone Artolak adierazi zuenez, «benetako presio soziala» antolatu beharko litzateke, Estatu espainolaren zein frantsesaren «espetxe politika krudelari» amaiera emateko.

Artolak azaldu zuen azken hileotan talde eta herritarrekin biltzen aritu direla, euren senideek bizi duten «injustizia» eta egiten dituzten aldarrikapenak zuzenean ezagutzera emateko.

Presoek eta beraien senideek jasaten duten egoera «etsipenez» betetzeko modukoa dela azaldu zuten, baina hortik urrun, aurrera egin nahi dutela nabarmendu zuten, «badugulako konfiantza euskal jendarteak baduela indarra egoera hau aldatzeko». Horretarako, eguneroko lanaren garrantzia nabarmentzeaz gain, aditzera eman zuten badirela une batzuk, «eguneroko lan hau guztia bildu eta bateraturik, indarturik erakusteko».

Hori dela-eta, larunbaterako antolatutako mobilizazio isila bereziki garrantzitsua zela adierazi zuen Jone Artolak. «Bilgune indartsu bat egin nahi dugu, aldarrikapen hau ozen entzun dadin beharrezkoa den leku guztietan».

Aralarren babesa

Bestalde, Aralarrek ere larunbatean Bilbora bertaratzeko dei publikoa egin zuen atzokoan.

Komunikabideei igorritako ohar baten bidez, «euskal preso politikoen egoera salatu eta sakabanaketa politika amaitzeko beharrezko urratsak emateko» galdegin zuen Patxi Zabaleta buru duen alderdiak.

Izan ere, Euskal Herriak bizi duen gatazka politikoaren barruan, espetxeratuak direla alderdirik «mingarriena» azaldu zuten, eta horien aurka, gobernu espainol guztiek «politika zekena» izan dutela arbuiatu.

Gaixorik dauden presoen egoera, eta zigorraren hiru laurdenak beteta dituztenena «bereziki kezkagarria» dela eman zuten aditzera, eta haien «berehalako askatasuna» aldarrikatu zuen Aralarrek.

Sakabanatzeko politikari buruz, presoen giza eskubideak «urratzen» dituela esan zuten eta haien senitartekoei ere «inork merezi ez duen zigorra» eransten diela.

Horretaz gain, sakabanatze politika «legez kontrakoa» dela argitu zuten, eta «giza eskubi- deen urraketa nabaria» delako errefusatu zuten salbuespenezko neurri hau.

Bestalde, asteartero bezala presoen aldeko elkartasunak Bilboko Arriaga Plazan izan zuen hitzordua. Bertan 120 lagun inguru bildu ziren urteko azkeneko ekimenean.

Baraualdia hasi dute Azpeitian 20 bat lagunek egoeraz ohartarazteko

Urtarrilaren 3ko manifestaziora dei egiteko ekimen ugari izaten ari da egunotan. Horien artean, esate baterako, Azpeitiko hogei bat herritarrek «euskal presoen eskubideak aldarrikatzeko asmoz» hasi duten baraualdia.

Prentsa aurrean salatu zutenez, egoera «oso gogorra» da espetxeetan eta «PSOEk, PNV bidelagun duelarik, ezarritako mugarik gabeko salbuespen egoera horren espresiorik gordinenetakoa den espetxe politika anikilatzailea» bururaino eramaten ari direla arbuiatu zuten. Azpeitiarren iritziz, «Rubalcaba Gerrarako ministroak argi esan digu euskal preso politikoak xantaiarako tresna direla» eta, horren baitan kokatu zituzten presoen aurka hartutako azken neurriak.

Egoera honen aurrean, aldarrikatu zuten herriari dagokiola presoak babestea, haien egoeraren berri ematea eta presio soziala areagotzea.

Era berean, gaur Azpeitian egingo den mobilizaziorako deia ere egin zuten. R. P.

3.000 atxikimendu

Etxeratek jakinarazi zuenez, 3.000 norbanakok agertu diote babesa datorren larunbatean egitekoa den mobilizazioari. Gainera, 40 bat eragile politiko, sindikal eta sozialek ere hori bera egin dute.

SALBUESPENA

Jone Artolak gogor gaitzetsi zuen presoen aurka «salbuespenezko neurri guztiek» balio izatea. Besteak beste nabarmendu zituen, kondenak luzatuak dituzten presoak edota gaixorik egonda espetxeratuta jarraitzen dutenak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo