GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Irrintzi taldeak azken hilotan egindako hainbat eraso bere gain hartu ditu

Abuztua eta azaroa artean egindako hamar bat eraso eta ekintza bere gain hartu ditu Irrintzi taldeak. Alta, ez du aipatu hil honetan Angelun eztanda egin zuen lehergailua eta Capbretonen indargabetutakoa ere.

GARA |

«Sud-Ouest» egunkariaren Baionako erredakziora igorritako komunikatu baten bidez, Irrintzi taldeak abuztuaren 8tik azaroaren 3ra bitartean egindako zenbait eraso bere gain hartu ditu.

Guztira hamar bat erasoaldi, -saiakerak barne- hartu ditu bere gain, hala nola, Bokale eta Ondres artean AHTren linearen aurkako hiru ekinaldi eta baita Arrangoitzeko turismo bulegoaren eta Pierre et Vacances opor gunearen kontrakoak ere. Horrez gain, hainbat lehergailu jarri izanaz ohartarazi zuela ere aitortu du: Michele Alliot-Marie Barne ministroaren Ziburuko etxearen, Angeluko opor gunearen, Bidarraiko Ostape ostatuaren eta, urriaren 28an, Biarrizko Hotel du Palais-en aurka. Bestalde, Bokaleko polizia-etxearen eta herri horretan eraikitzen ari ziren etxebizitza tiroz eraso izana erreibindikatu ditu.

2008ko apirilaren bukaeran beste agiri bat bidali zuen prentsara hainbat erasoren ardura bere gain hartuz. Oraingoan bezala orduan ere Estatu frantsesari zein espainolari honako mezua helarazi zioten: Gatazkari irtenbide negoziatua bilatu ezean, bere ekintzak gogortuko zituela.

Azken biak ez

Alta, hil honen 24an Angeluko higiezinen agentzia batean eztanda egin zuen lehergailua eta egun berean, Capbretonen kirolarien birgaikuntzarako zentro baten sarreraren aurrean indargabetutako lehergailua ez ditu jakinarazpen horretan aipatu.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo