GARA > Idatzia > Kirolak > Herri-kirolak

HARRI-JASOTZEA Marka ahalegina

300 kilokoaren bila tinko jarraitzen du Inaxio Perurenak

Leitzar gazteak gaur arratsaldean 295 kiloko harria jasotzeko ahalegina egingo du Asteasuko pilotalekuan. Bost minutuko txanda bakar bat izango du.

p042_f01.jpg

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Inaxio Perurenak 300 kilokoa jasotzeko bidean beste urrats bat eman nahi du gaur arratsaldean Asteasun. Leitzarrak marka pertsonala ezarri nahi du 295 kiloko harria jasota. Horretarako bost minutuko txanda bat izango du. Ekinaldia 17.00etan hasiko da pilotalekuan.

Leitzar gaztea ilusioz eta gogotsu dago, baina katarro handi samarra harrapatu du, eta horrek eman dizkio arazo gehien: «Orain nahiko ongi nago. Bular aldea oraindik ere hartua daukat, baina hobekiago ikusten dut nire burua», adierazi zion atzo GARAri. Osteguneko entrenamendua txarra izan zen, baina igandean askoz ere hobeto aritu nintzen. Bularra hartuta duzunean arazoak izan daitezke, batez ere gerritik gora jasotzerakoan, arnasari buelta ematea askoz ere gehiago kostatzen baita, baina orain hobekiago nago», gaineratu zuen Perurenak.

Jadanik ari da 300 kilora gerturatzen, baina horrek ez dio presio handiagoa eragiten: «Nik orain helburu bat daukat, eta hori da lortu nahi dudana. Egia da 300 kilokoa probatzeko gogoa dudala, baina orain ezin dut horretan pentsatu. Horretara iristeko, aurretik 295 kilokoa jaso beharra daukat, hori da orain egokitzen dena, eta hori bakarrik daukat buruan», azaldu zuen Inaxiok.

Berak garbi dauka, lehen ahaleginean harria berdintzen ez badu, gero oso zaila izango dela: «Harri handiak dira hauek, eta deskuidu bat nahikoa da ez jasotzeko. Garbi daukat lehen ahaleginean ez badut berdintzea lortzen, gero zaila izango dela, normalean horrela izaten zen lehen, eta orain ere bai. Lan handia egiten duzu, eta huts eginez gero, indar asko galtzen duzu, eta buruan ere zalantzak sortzen dira», esan zuen kirolari nafarrak.

Berak ongi ikusten du bere burua, eta harria jasotzeko itxaropen osoa dauka, baina helburua lortuko ez balu, garbi dauka hurrengo ahalegina ere laster egingo duela: «Dudarik gabe. Ez jasotzea ez zait burutik pasatzen, baina aukera hori hor dago. Gaur lortuko ez banu, egun gutxi barru egin nahiko nuke hurrengo ahalegina. Marka hau ahalik eta azkarren egin nahi dut, eta gaur izatea espero dut».

Izan ere, gaurkoa pasatu eta entrenamenduak apur bat aldatu nahi ditu. «Azkenaldian astindu handia eman diot gorputzari, eta orain kilo batzuk kenduko dizkiet entrenamenduei, baina lanean jarraituko dut», esaten du. Gaur dena behar bezala joaten bada, pentsatua dauka hurrena zer egin behar duen: «Esku bakarrekoa egin nahiko nuke, lanean jarraitu, eta marka berria jarri esku bakarrarekin. Hurrena 234 kilokoa tokatuko zait esku batekin, eta hori egin nahiko nuke. Baina lehenengo gaurkoa dago, eta hori besterik ez daukat buruan, 295 kilokoa jasotzea, alegia», esanez amaitu zuen bere jarduna Inaxio Perurenak.

Aizkolariak

Gaur Asteasura joaten direnek Urrezko Aizkorako bi saio ikusteko parada ere izango dute. Alde batetik, maila nagusiko saioa izango da. Olasagasti eta Txapartegi Arrospideren eta Azurmendiren aurka lehiatuko dira. Norgehiagoka honek sekulako garrantzia du. Arrospidek eta Azurmendik irabaziko balute, azkeneko jardunaldian gertatzen dena gertatzen dela, finalerdietan sartuko dira, Nazabalekin eta Mugertza II.arekin batera. Garaipena Olasagastik eta Txapartegik lortzen badute, berriz, pauso bat emango dute aurrera, baina azkeneko jardunaldira bitarte ez da ezer erabakitzerik izango. Azurmendirentzat eta Arrospiderentzat lehen jardunaldia da, baina Olasagastik eta Txapartegik bat jokatua dute, eta horretan galtzaile atera ziren.

Helduen mailako neurketaz gain, gazteena ere jokatuko da Asteasuko pilotalekuan. Bertan arituko dira Mugertza III.a eta Alkizalete Larretxea lehengusuen aurka. Norgehiagoka interesgarria izango da hori ere. Lehian arituko diren bi bikoentzat estreinako norgehiagoka izango da gaurkoa.

Bere bidean

Inaxiok garbi dauka gaurko markak duela garrantzia orain, eta hori bakarrik dauka buruan. Nahiz eta 300 kiloko langa hori gertu izan, harri-jasotzaile nafarraren hitzetan horrek ez dio presio handiagorik eragiten.

Katarroa

Leitzarrak katarroa du buruhauste handiena. Txarrena pasatu du, eta bere burua ongi ikusten duen arren, oraindik bular aldea ez dauka erabat garbi, eta horrekin apur bat kezkatuta dago.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo