Xpression!!! elkarteak eta Gipuzkoako lau udalek herri kultura bultzatuko dute
GARA | DONOSTIA
Xpression!!! kultur elkarteak Gipuzkoako lau udalerrirekin (Zarautz, Lasarte-Oria, Errenteria eta Irun) hitzarmena sinatu du, herri bakoitzeko artista ez profesionalizatuei espazioak eta bitartekoak eskainiz bertako kultura promozionatzeko asmoz. Elkartearen helburua udalentzako erreminta baliagarri izatea da, batez ere, kaleko kultura bultzatzeko. Horretarako, jendeari zuzeneko kontzertuak edo bestelako emanaldiak eskuragarriago jarri nahi dizkiete kostu gutxiko ekimenen bitartez (240 eurotik aurrera). Udalek taldearen kostua bakarrik ordaindu beharko dute eta elkartea arduratuko da kudeaketaz, publizitateaz edota koordinazioaz. Publikoarentzat beti doakoa izango da sarrera.
Oraingoz, bereziki zuzeneko musikari begirakoak izango dira ekintzak, baina helburua da bitartekorik gabe dauden era guztietako artistei ateak zabaltzea: aktoreak, margolariak, eskultoreak, dantzariak...
Xpression!!! elkarteak bost urte baino gehiago daramatza jardunean. Gipuzkoan 25 areto eta berrehun musikarien zirkuitua sortuz jaio zen «urperatutako kultura, kultur azaleratzaile bat bilakatzeko asmoz». Entsegu lokaletan dauden musikari ez profesionalizatuek egiten dutena erakutsi nahi dute, espazioak eskainiz eta jendearengana hurbilduz, ostalaritzako aretoekin eta espazio publikoekin akordioak lortuz.
Oraingoz aipatutako lau udalerriak dira zirkuituan sartu direnak, baina Deba, Tolosa, Zumaia eta Zaldibiak ere euren interesa adierazi diete. Programazioa herri bakoitzeko arduradunekin egingo da, udalak berak aukeratuko du zer eta noiz programatu. Elkartekoen esanetan, modu honetan «gestio kultural jasangarria» lortzen da.