Urteari amaiera emateko nahi adina aukera izango da gaur gur bazterretan
Konturatzerako bukatu da 2008. urtea eta jarriak gara dagoeneko datorrenean pentsatzen. Mahai inguruan, mendira joanez, festan edo korrika lasterketetan... modu batean edo bestean, gutxi izango dira urte zaharrari agur esan eta berria hasteko ezer berezirik egingo ez dutenak.
Janire ARRONDO
Mota guztietako sineskeriaz inguratutako eguna izaten da San Silbestre eguna, alegia, urteko azken eguna. Ur- te zaharra ondo bukatu eta berria hobeto hasteko, mila modu baditugu Euskal Herrian. Entzunak dira urtezahar gaueko «kotilioiak», dotore jantzi eta ordu luzez festarako aukera ematen dutenak. Aurten badirudi, Gipuzkoa, Bizkaia eta Araban hamabi kotilioi handi egingo direla, iaz baino zortzi gutxiago. Iparraldean berriz, «urtats afaria» esaten diete, baina, funtsean, antzeko ospakizuna izaten da. Hori bai, azken hauetan ez da ikusten mahats ale bakar batik.
Askorentzat ohitura da baita ere, gaurko egunez suziri eta bolanderak botatzea, han eta hemen hots burrunba handiak eraginez. Hego Euskal Herrian eskuratzeko izaten diren zailtasunak direla-eta, Hendaiako suziri dendek pagotxa izaten dute egunotan jende ugari inguratzen baita hara. Hala ere, Donostiako Udalak esaterako, gerta daitezkeen ezbeharrak ekiditeko debekatu egin du kalean «suziri, bolandera edo bestelako objektu jaurtitzaileak erabiltzea; arkuak, tiragomak edo jostailuzko pistolak».
Sestaon, berriz, azkar ibili dira aurten, astelehenean ospatu baitzuten Urtezahar eguna. Merkatarien Elkarteak antolatuta, iluntzeko bederatzietan jan zituzten hamabi mahats aleak elizako kanpaien erritmoan.
Mozorroak nonahi
Iruñean modu berezian emango diote amaiera urteari. Inauteriak pare bat hilabetez aurreratu, eta goitik behera mozorroturik irteten dira kalera. Normalean urtean zehar nabarmentzen diren pertsonaiak izaten dira Gabon zahar gauerako mozorrorik gustukoenak, hala ere, denetarik izaten da. Batez ere Alde Zaharrean, urtean gai baten arabera mozorrotzen dira eta taberna ugarik ere beren itxura aldatzen dute. Bada, bestalde, Getxon eta Trintxerpe inguruan ere Urtezahar egunean mozorrotzeko ohiturarik.
Beran, berriz, ohitura dute «glin-glanka» eta «Diostesalbeka» urteari amaiera emateko. Arratsaldean, herriko gaztetxoenak izango dira «glin-glan» horren protagonistak, kaleetan zehar ibiliko baitira etxe atarietan «glin-glan, glin-glan, duenak ez duenari eman» abestuz. Iluntzerako berriz, zahartxoagoek hartuko dute festaren ardura. «Diostesalbearekin» koplak kantatuz agurtuko dute urtea, berriari onena ekar dezan eskatuz.
Hendaian goizaldeko ordu batean urte berriari ongietorria egiteko brindisa egingo dute, baita suziriak jaurti ere, kartzelan den preso politiko bakoitzeko bana.
Amurrioko San Roke auzoan, berriz, ohitura zaharrak berreskuratzeko ahaleginetan dabiltza urteko azken egunera begira. Bertako bizilagunen elkarteak antolatuta, auzoari «bizia emateko» bederatzigarren urtez festa egingo dute eguerdian, bertara inguratzen direnen artean.
Urteari adio, korrika
Berarekin dakartza San Silbestre egunak Euskal Herriko hainbat txokotako kros lasterketak ere. Iruñekoa izango da krosik zaharrenetakoa, baina, beste hainbat herritan ere dagoeneko erabat errotu den ohitura da. Beasainen, esaterako, dagoeneko XXXIV. lasterketa izango da gaur eguerdikoa, eta XXXII.a Ordizian iluntzean egingo dena. Mundakan ere jokatuko dute XXII. San Silbestre krosa, heldu eta gaztetxoentzako ibilbideekin. Agurainen, Zizurkil-Villabonan, Eibarren eta Laudion ere izango dira halakoak.
Mendian gora haritza...
Hedatzen ari den ohitura da Urtezahar egunean mendira joatea. Horren lekuko dira Euskal Herriko gailurrik altuenak. Xanpain botila bat baino gehiago irekiko dira gailurretan, eta gosari ederrak egingo dituzte batek baino gehiagok. Asko etxekoekin edo lagunekin joango dira, baina, egun honetan elkarteek antolatutako mendi irteerak ere ohiko izaten dira. Goizean goiz jaikita, Bizkaia eta Araba inguruetako jende ugari joango da Gorbeiara. Baita, Nafarroa eta Gipuzkoatik Aizkorrira ere, ondoren Urbian edo Otzaurten gosari ederrak egiteko.
Urte berria ondo hasteko badira, beraz, hainbat modu. Adarra mendian jende andana bilduko da Urteberri egunean. Era berean, Lapurdin ere ohitura da Urteberri egunean Larrun mendira igotzea, «euskal presoen irudiak» alboan dituztela.