Laura Mintegi
Beste egun bat baino ez
Beste gau bat besterik ez da. Digitu berria zenbaki baten amaieran, egutegi lodiagoa sukaldeko horman. Ezer gutxi nabarituko dute munduko hiritar gehienek, urteen kontabilitate berezkoa erabiltzen dutelako, edo zein egunetan bizi diren ez dakitelako, edo, urte berria badatorrela jakinik ere, biziraupen hutsa nahikoa baitute egunak zenbatzen hasteko. Eta, hala eta guztiz ere, Mendebaldeko gure mundu zilborzaleak gaur gauerdian gizateria osoa erlojuari begira egongo dela sinetsarazi nahiko digu, eta uneko ardura handiena mahatsak eztarritik behera kontrako bidetik sartu gabe pasaraztea izango dela.
Gupidagabea iruditzen zait Gabon zaharra eta urte berrirako zeremonia antzua. Lizunak dira egun bakar baten inguruan antolatzen diren festak, gala dotore eta garestiak. Zer du, bada, urte berriak zaharrak ez duenik? Zer dago ospatzeko ezer ez dutenen etxean? Zer ospatuko du maitea falta duenak, bikotekidearekin harremana hautsi berri duenak, haustear dagoenak?
Nork esan die urte berriak lana ekarriko diela, ezbeharra ezabatuko duela? Etxerik emango dio etxerik ez duenari? Bakea emango die gerran daudenei? Bake esperantza izpirik ekarriko die gatazkan bizi direnei, etxean izututa bizi denari, bortizkeria eta miseria baino ezagutzen ez duen umeari? Erantzuna ezezkoa bada, zer dugu ospatzeko gaur? Zein da abenduaren 31ren eta urtarrilaren 1en arteko aldea?
Ingurukoen gogo biziak kutsatuta, nire burua urte berrirako planak egiten harrapatzen badut, lotsatu egiten naiz. Mendebaldekoon eta zorionekoon luxua da gure bizitzaren plangintza egitea; eta likitsa iruditzen zair norberaren zoriona planifikatzea gizaki gehienek «zorion» hitza zer den ere ez dakitenean.