Erizaindegia hutsik egon arren, Pousok ozta ozta beteko du deialdia
GARA | EIBAR
Albiste onekin hasiko da urtea Eibarrentzat. Jokalarien egoera fisikoari dagokionez behintzat, oporretara minduta joan ziren gorri-urdin guztiek dagoeneko alta medikoa jaso baitute.
Carlos Pousok, hala ere, ozta ozta beteko du Xerezen aurkako deialdia, entrenatzeko gai izan arren, lehiaketa erritmoa falta baitzaie jokalari gehien horiei; batez ere Pampin, Txiki eta Germani, oso gutxi jokatu baitute orain arte. Insari dagokionez, bestetik, egin dioten azken ekografiak ezker zangoan zuen fibra hausdura guztiz sendatuta dagoela erakutsi zuen, baina aurreko lesioarekin gertatu zena ikusita, kontu haundiz arituko dira oraingoan bere errekuperazioarekin eta zaila izango du, beraz, larunbatean jokatzea. Txiki Lombraña, azkenik, bostgarren txartel oria ikusi zuen azken jaurdunaldian eta ezingo du, beraz, neurketan partehartu. Guzti hauei Tikoren zalantza gehitu behar zaio, atzo entrenamendua utzi baitzuen, mareatuta, buruan baloi batekin kolpea jaso ondoren.
Lagunartekoa Mutrikun
Gaua nola pasa duen arabera, hala ere, nafarra prest egon daiteke. Ez bakarrik Xerezen aurka aritzeko, baizik eta Eibarrek eta Realak gaur jokatuko duten lagunartekoan partehartzeko ere.
Juanma Lillok eta Carlos Pousok urteko lehen norgehiagoka jokatuko duten hamaikakoekin probatzeko aukera izango dute, baita Gabonetako oporren azken ondorioekin amaitzeko ere.
Lagunartekoa goizeko hamaiketan hasiko da, San Miguel zelaian eta sarrerek bost euro kostatuko dute. Partida hasi aurretik, Asier Ilarramendi Realeko jokalari mutrikuar gazteari omenalditxo bat egingo zaio, baita azken urte hauetan Mutriku Futbol Taldeko presidenteak izan direnei ere. Norgehiagokaren ondoren, berriz, antolatzaileek luntx bat eskeiniko diete partehartzaileen zuzendaritza partaideei eta jokalariei.