GARA > Idatzia > Kultura > Musika

Errege bezperararte, zuzeneko musika egunero San Adriango «El Certamen» Lehiaketan

A. BILBAO | BILBO

Hamalaugarren urtez, musika lehiaketa du abian Nafarroako San Adrian herriak, atzo hasi eta datorren astelehena, Errege bezperararte. Hamar taldek parte hartuko dute bertan, bikoteka bost egunez zuzenean jotzeko. Kontzertuen erakargarritasuna indartzeko gainera, egunero egunero gonbidatu entzutetsu bat ere igoko da Luyber aretoko oholtzara, El Tajador gazte elkarteak antolatu pop eta rock lehiaketa osatzeko. Iazko irabazlea bartzelonako Animic taldea da eta publikoaren saria Olimpic bizkaitarrek jaso zuten.

Atzo L´Avalanche eta Fraizer taldeek ireki zuten lehia, The Right Ons taldearen laguntzarekin. Gaur berriz, Isusko & Sbrv rap talde nafarraren eta Sweet Little Sister cacerestarren txanda. Beraiekin batera, Vinila Von Bismark ikusgarriak gidatzen duen Krakovia talde jendetsua.

Bihar, larunbatak 3, Cherry Boppers bilbotarren doinu bero eta dantzagarriak entzungo ditugu, Los Rotos katalandarrekin eta Nacha Pop talde handiaren laguntzarekin batera. Igandean ere ez du atsedenik hartuko lehiaketak, Sons of Rock eta Radio K.O.N.T.R.A. madrildar taldeen jardunarekin. «La Gallina» aurkeztuko duen El Columpio Asesino talde nafar bikainak osatuko du gaua.

Astelehena bai, baina jai bezpera dugu urtarrilaren 5a, lehia itxiko den eguna. Amor de Tokio nafarrak eta Ayala bartzelonarrak lehian, eta Lori Meyers granadarrak laguntza lanetan, horra hiru protagonistak.

Luyber aretoa

Kontzertuak 22.30ean hasiko dira gauero, mila lagunentzako atondutako Luyber aretoan. Gaur eta astelehenean sarrerak 12 euro balio ditu, larunbatean 15 euro eta igandean berriz, 10 euro. Bost egunak 42 euro.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo