Jose Manuel Pagoaga, Peixoto
Min sakonetik
Arrasateko elizapeko hormari bi marmolezko lauza handi lotuta zeuden, bakoitzak izen eta deitura zerrenda luzea garbi idatzita zuela. Igandeetan gurasoekin batera, mezatara joaten ginen mutiko garai hartan, sarri egoten nintzen izen haiek irakurtzen denbora-pasa modura.
Egun batez ama zenari galdetu nion:
-Nortzuk dira horiek, ama?
-Horiek 36ko gerran hil ziren herritarrak dituk, baina denak ez zeudek hor.
-Nortzuk falta dira, ba?
-Geureak.
-Nortzuk dira geureak?
-Handitzen haizenean jakingo duk.
Badirudi ez naizela handitu, geureen zerrendarik ez delako oraindik hormetan. Berandu idazten da menperatuen historia, oso berandu. Biktimen ondokoen ondokoek behar eta merezi duten atxikimendua eta errespetua ezin dutenean hartu.
Noiz konturatuko zarete frankismoaren egiteko modu bera darabilzuela oraingo biktimei dagokienez? Ez, gaur hemen inor ezin da gorde aitzakia edo ezjakintasunaren atzean, beraz hau da nire galdera:
-Noiz hasi behar duzue biktima GUZTIEI zor zaien begirunez gauzak egiten? Galdera hau nire min sakonaren oihua da, eta batez ere, gauzak justiziaz egiteko eskaera bat.
Hemen orain ere, alde bietan daude hilak eta zaurituak.
Salbuespenak salbuespen, Hego Euskal Herriko instituzioek, alde bateko biktimei ohore eta laguntza modu asko ematen diezuen bitartean, beste aldeko biktimentzat irain bortitzak, beraien senide eta ingurukoentzat egurra, gogor eta ugari egurra.
Lasa eta Zabalaren gorpuzkinak ekarri zituztenean euskal Gobernuak izan zuen portaera krudela izan zen.
Orain arte egin duzuen mina izendatzeko ez dut aurkitu hitz aski gogorrik, gogor samarrak ez ditut erabili, gure arteko ulertezintasuna areagotzen duelako.
Gure arteko ulertezintasuna Madrilek lantzen du finki eta arreta handiz, ondo ere ondo baitaki berau dela makila eraginkorrena Hego Euskal Herria eskale erreguari atxikitzeko.
Duintasun apur bat dugunok, denok dugu hemen zer pentsatu eta zer egin, aipatu dudan arazoa iraganeko zerbait izan dadin.