GARA > Idatzia > Iritzia > Gutunak

Itziar Arana Urkixo Durango

Durangoko Errege kabalgata

Durangoko Udalak Gabonetako programazioaren barnean antolatu ohi du Erregeen Kabalgata. Ume nintzela, gure kaleetan pertsona beltzik ez zegoen eta Kabalgatan, Baltasar errege papera, beltzez margotutako pertsona batek betetzeak ez zuen inor mintzen.

Egun, gauzak zeharo aldatu dira. Immigrazioa ez da berria gure eskualdean. Urteak dira, gure herrira jatorri ezberdinetako pertsonak bizitzera etorri direla. Gehienetan, beren sorterriko egoera latzei ezin eutsiz eta gorriak pasatuz gurera heltzen dira, beren bizi baldintzak hobetzeko itxaropenez. Horien artean, beltzak diren pertsonak egon badaude. Horregatik ulertezina egiten zait, Durangoko Udalaren eskutik antolatzen den Erregeen Kabalgatan, Baltasarren paperean, margo beltzez koloreztatutako pertsona zuri bat ikustea. Gure herritar diren pertsona beltzentzat, mingarri, umiliagarri eta iraingarria.

Ilusioz, ametsez eta liluraz beteriko ilunabar magiko horretan, egoera honen aurrean, zelan erantzun ikaskide beltzak dituzten umeen galderei? Are gehiago, Kabalgatara hurbiltzen diren haur beltz horiei, zer azalpen mota eman diezaiekete beraien gurasoek?

Egia esan, ez dakit zer den sumingarriagoa, gure artean pertsona beltz kopurua nabarmena izan arren, Baltasarren paperean margo beltzez koloreztatutako pertsona zuri bat ipintzea edo agerraldi horrek zabaltzen duen mezua, hots, ikusezintasunarena. Lantegietan gure alboan langile, herriko parkeetan gure seme-alaben jolaskide, eskoletan ikaskide, dendetan bezero, baina gero herriko ekitaldi publikoan ikusezina edota tamalgarriago oraindino, ezinikusia izatea.

Udalean, immigrazio egoeren diagnosiak, integrazio planen diseinuak eta horrelakoak ezinbestekoak dira. Hala ere, Durangoko Udalak, herri ekintzetan etorkinen parte hartzea sustatzen ez badu, azken hauek, ez dira benetako herritar sentituko. Gure ondoan bai, baina ez gure artean. Oraingo honetan konponbide erraza dugu. Zalantza izpirik gabe, gure herritar beltzen artean, Baltasarren papera betetzeko prest dagoen bat baino gehiago aurkituko dugu. Baita ezkutari izateko ere.

Aurtengo Eguberrietan, etorkinen esku hartzea handiagoa izan dadin, aukera paregabea dugu. Gonbita luza diezaiegun, ez ditzagun berriz baztertu! Gure artean, benetako Baltasar topa dezagun! (ezkutariak ere bai!). Hala izan bedi!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo