Eskerrak musika dugun
Blanca IZKUE | Musikagintzako langilea
Berriz ere, ia konturatzeke, urtea joan zaigu. Eta batere originalak ez garenez, urtea betirako agurtzen zaigun aste honetan, 2008 honek eman diguna gogoratzeari ekin diogu gure baitan. Maldan behera ibili arren eta aldaketak aldaketa, hemengo musikagintzan urte oparoa izan da berriz.
Anus horribilis langile askorentzat, banketxeen nagusiek nozitu ez duten krisiaren eragin bortitzena jaso duten horientzat. Ez dakit nik kale gorrian gelditu diren langile horiek txantxa askotarako egonen ote diren «hain seinalatuak» diren egunotan, baina ziur naiz musikak, norberak bere gustukoak, penak arintzen lagunduko diela.
Auzokidea, adibide bat jartzeagatik, ondoko herrialdekoa izan arren bere burua atzerritartzat duena, joan berri den urtean banandu da, eta bakarrik bizi da. Egunak ematen ditu kexaka; beti dabil penatan, beti kexaka, baina larunbat arratsaldetan bere musika ekipoan 70-80eko hamarkadako musika diskoa paratzen du ozen, bere burua alaitze aldera, bide batez gurea ere alaituz. Bejondeiola.
Oraindik ere diskogintzan aritzen garenok (etorkizuneko egunen batean gure ogibidea testuliburuetan agertuko da, desagerturiko antzinako artisauak egunotan agertzen diren antzera), gure krisi partikularrari esker, gero eta kinka larriagoan ikusten ditugu gure lanpostuak. Inoiz baino langileago sentitzen gara denok, klaseen arteko liskarra inoiz baino biziagoa da.
Eta, hala ere, Gabon zaharrean Rafaela Carraren «Para hacer bien el amor hay que venir al sur» edota Bonny M-en «The rivers of Babylon»en tankerako kanta zahar, afrusa eta arinek ematen diguten bizipozaz dantzatu egin du batek baino gehiagok, enegarren aldiz.
Eskerrak musika dugun. Eta eskerrak aurten, berriz ere, lan bikainak kaleratu diren Euskal Herriko toki desberdinetan, laguntza instituzionalekin edo gabe. Norberak bere bidea jorratzeko hautua egin du askok, ohiko diskoetxeek eskaintza hoberik luzatu ezinean. Hortaz, zigilu asko argitaratzen dituzten diskoen egileen managerrak bilakatuz doaz. Aldi berean, taldeen managerrek beren musikarien autoekoizpenak saltzeko, musika zigiluak sortzen hasiak dira azken urte hauetan. Aurreikusita zegoen bezala, diskogintza eta kontratazioaren arteko muga ezabatu egin da. Musikaria, ekoizlea, ordezkaria, promotorea, banatzailea... guztia elkartu egin da jada hemen ere. Guk gurean segitzeko bidea bada, hala bedi. Heldu berri den urtean ere, honetan jarraitu nahi dugulako. Denok behar dugulako musika bizitzeko.