GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Langraizko kartzelan beste preso bat hil da argitzeko dauden arrazoiengatik

Joan den asteartean hil zen J.B.C. 31 urteko gasteiztarra Langraizko espetxean, oraindik argitzeko dauden arrazoiak medio. Salhaketa elkarteak heriotza berri hau gaitzetsi du eta horrelako ezbeharrak berriz gerta ez daitezen behingoz neurriak har daitezela eskatu du.

Salhaketa.jpg

Oraindik ere argitzeko dauden arrazoiengatik, joan den asteartean hil zen J.B.C., 31 urteko gasteiztarra, Langraizko kartzelan, Salhaketak ohar batean jakinarazi zuenez. Bertan, presoen aldeko elkarteak «arrazoi ez naturalek» eragindako heriotza izan dela adierazi du.

Oharrean aditzera eman duenez, iragan abenduaren 19an atxilotu zuten gaztea eta hilaren 21ean espetxeratu zuten. Astelehenean epailearen aurrean izan ostean, berriz ere kartzelara bidali zuten. Hildakoaren gertukoek adierazi zutenez, bakartze gunera bidali zuten eta bertan hil zen biharamunean. Auzitegiko medikuak eman zion hildakoaren bikoteari heriotzaren berri.

Informaziorik eza

Haien esanetan, salatzekoa da oso espetxeetan gertatzen diren heriotzen gaineko informazioa ezkutatzeko eta atzeratzeko Espetxe Zuzendaritzaren politika. «Egoera hau ez da onargarria, batez ere heriotza gehienak eragozteko modua dagoelako, egun dagoen legedia zorroztasunez bete besterik ez dute egin behar».

Espetxe Zuzendaritza Nagusiari, Barne Ministerio espainolari eta Zapateroren Gobernuari galdera luzatzen diete: zein modutan aurre egin behar dioten egoera honi. Eta benetan zenbat heriotza gertatu diren eta zeintzuk izan diren horiek eragin dituzten arrazoiak argitzeko eskatu zieten. «Zer neurri hartu zituzten horiek eragozteko? Zergatik ez dituzte kalean utzi gaitz larriak dituzten pertsonak? Zergatik ari dira okerrera egiten bizi baldintzak eta batez ere osasun arlokoak?»; izan ere, Salhaketaren arabera, gehiegi dira oraindik erantzunik gabeko galderak.

Elkarteak J.B.Crena azken heriotza izan dadin neurriak hartzeko eskatu du, besteak beste, kartzeletan eskaintzen den osasun laguntza kalean osasun zerbitzuek ematen dutenaren parekoa izatea. Halaber, Fiskaltzari azken heriotza hau sakon ikertzeko eskatu dio, «kasurik gehienetan bezala inguruabar arraroan gertatu delako».

Inkomunikazio eta bakartze egoeren amaiera ere oinarrizko jotzen du Salhaketak gisa honetako heriotzak ekiditeko, «muturreko egoerak agertzea eta horiek areagotzeko arrisku gunea baita».

gutxienez 15

2004ko abenduaz geroztik gutxienez 15 dira Arabako espetxe honetan hil diren presoak, Salhaketaren arabera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo