Avironek lehen lau postuetan jarraitzeko aukera bikaina dauka
J.L. | BAIONA
Aviron Baionakoak lehen lau postuetan jarraitzeko aukera paregabea dauka, baina horretarako gaur Castres menderatu beharko du 20.30etik aurrera jokatuko duen norgehiagokan.
Lapurtarrek gaur aurrez aurre Castres taldea izango dute. Frantziarrak sailkapeneko azkenaurreko postuan daude, jaitsierakoan alegia, eta aukera paregabea dute zuri-urdinek jokoko lau puntu batzeko, bai eta erasoko puntu gehigarria batzeko ere. Castresentzat ere partida garrantzitsua izango da, ordea, gaur galduta, aurrekoek zuloa handituko baitute.
Aviron une honetan laugarren postuan dago, eta orain arte ezustea izan da askorentzat, baina behin Ligaren erdialdera helduta, garbi dago erronka lehen lau postu horietan sartzea eta Ligako finalerdiak jokatzea izan behar dela.
Horretarako, ordea, beheko postuetan dauden taldeen aurka bost puntu batu behar dira, eta horretan ahalegindu beharra daukate zuri-urdinek. Zaleen babesik ez zaie faltako, harmailak betetzea espero da, Jean Dauguerren dauden 14.000 eserlekuak betetzea. Gainera, festa giroa ere antolatu da Baionan gaurko partidaren karietara.