Xabier Izaga Irakaslea
Urte berriaren zain ala haren bila?
Urte berriko hirugarren egun honetan Gazan ehunka zenbatzen ari dira hildakoak. Urte bukaeran, su-etena hautsi baino lehen, dozenaka baino ez. Horregatik beharbada Palestinako Aginte Nazionaleko presidente Mahmud Abbasen arabera, erruduna palestinarrek hautatu zuten Gobernuko alderdia da, Europar Batasunak erakunde terroristen zerrenda beltzean daukan hori bera, hain zuzen. Su-etena indarrean zegoela, israeldarrek bete ez bazuten ere, bake prozesua ez zegoen kolokan, antza. Orain aita santuak berak deitu du su-etenera, duela zazpi egun arte palestinarrak ez beste errespetatzeko prest zeuden su-etenera, alegia. Eta NBEren neurgailuen arteko aldea ikaragarri agertu da, erakunde hori beren mende duten interesak bezain ikaragarri eta iraingarri. Israelgo Gobernuak atzerritarrak Gazatik irteten utzita egin duen txikizio handiago baten iragarpena bezain okaztagarria.
Joan da 2008a, urte berria etorri eta atzean geratu dira desio eta asmo onez betetako topak. Hain atzean non urte berria dagoeneko zaharkitua den, Palestinan, Afganistanen, Kongon eta beste hamaika bazterretan, baita Euskal Herrian ere. Krisi ekonomikoak ez dirudi Gabon zaharreko topei jaramon handirik egingo dienik, are gutxiago krisiaren erantzuleek, finantza munduko goi karguak zein gobernuburuak izan. Zibilizazioaren porrotaren erakusgarri den Mendebalde oparo honetan, gaitzespen eta bakerako dei ofizialen artean, topa egin genuen lehengo gauean mundu hobe baten alde. Justiziaren, askatasunaren, bakearen alde. Eta biharamunean ez ziren gure artean.
Halarik ere, uste osoa dut, noizbait, Urteberri-egunez edo irailaren 8an, urte berri hobea iritsiko zaigula, orain artean ezagutu ez dugun justizia, askatasuna eta bakearekin batera. Orain dela 50 urte eta bi egun Kubara iritsi ziren bezala. Baina horiek nekez ekarriko ditu urte berriak, Kubara topa egiten ari zirela iritsi ez ziren bezala. Horiek ez ditu martxoaren 1ak ekarriko, orain artean egindako eta eginkizun dagoen lan itzelak baizik. Hobe, bihar gabe, gaur bertan ekitea.