Herri borondatearen eta konponbidearen aldeko manifestazioa egingo da Azpeitian hilaren 10ean
EAJk eta EAk Azpeitiko alkatetzaren aurka urtarrilaren 17rako antolatu duten zentsura mozioa dela-eta, finean ezker abertzalearen proiektu politikoaren aurkako erasoa dela ulertuz, Azpeitiko ezkertiar eta abertzaleak diren herritar ugarik manifestazioa deitu dute datorren larunbaterako, hilak 10. «Konponbidea orain, euskal herritarren hitza errespetatu» lelopean, 18.00etan abiatuko da mobilizazioa herriko plazatik.
Prentsa agerraldi jendetsu baten bidez plazaratu zuen atzo Azpeitiko ezker abertzaleak udal gobernuaren aurka antolatu duten zentsura mozioaren gaineko irakurketa. Agerraldian, egungo hautetsiek, hautetsi ohiek, legedi espainoletik kanporatutakoek eta makina bat herritarrek hartu zuten parte.
Ezker abertzalearen proiektu politikoa Azpeitiko herritarren beharretara egokitutakoa, egingarria eta erreala dela nabarmendu zuten, horren isla egun Azpeitiko alkatetzan egotea dela adierazita. «Eta gaur inork ezin du ukatu ezker abertzalearen proiektuak Azpeitian duen babesa gero eta zabalagoa dela», azaldu zuten Frontoi Txikian emandako prentsaurrekoan. «EAJren politikaren atzaparretatik askatu eta aldaketaren bidea hartu dugu Azpeitian, ezberdinen arteko gobernu akordioarekin», gaineratu zuten. Egun, aldiz, gobernu akordio hori bertan behera utzia dago Aralar eta EA alderdien erabakiak direla-eta.
Alderdien «ardura politikoa»
Oraingoa Azpeitiko alkatetzaren aurkako hirugarren zentsura mozioa izango dela gogorarazi zuten. Azken honetan, aldiz, «Azpeitiko EAJ eta EAko kideak ezker abertzalearen aurkako kriminalizazio estrategiaren lehen lerroan kokatu» direla nabarmendu zuten. Nahiz eta EAk aurka daudela esan, «alderdi bakoitzak ezker abertzalearen aurkako erasoan bere ardura politikoa» izango duela adierazi zuten.
«Finean, ezker abertzalearen proiektu politikoa zentsuratu nahi dute, nahiz eta gure indarra herrian egon», salatu zuten. Euskal Herriak agertoki demokratikoa eta gatazkaren konponbidea premiazko duela nabarmendu zuten, eta beraien borondatea eta nahia horixe dela berretsi zuten manifestazioan parte hartzeko deia egitearekin batera.