GARA > Idatzia > Kirolak > Eibar

Urteko lehen partida

Buruhauste handiena ez da aurkariaren maila bikaina

Bigarren taldeko Asier Sanchez aurrelaria Carlos Pousoren deialdian sartu da, hutsune ugariak direla-eta.

p035_f01.jpg

 

EIBAR - XEREZ

Amaia U. LASAGABASTER | EIBAR

Erronka eder bati ekingo dio Eibarrek urteko lehen partidan. Aurkari zaila izango duelako eta, batez ere, talde gorri-urdinak berak duen egoeragatik.

Duela gutxi arte min hartuta izan ditu jokalari asko Carlos Pousok. Eta oraindik ere deialdia betetzeko ez ditu behar beste jokalari. Cases da orain min hartuta dagoen bakarra, baina lesioak gainditu berri dituzten Pampin, Carmelo, Natxo Insa eta German Beltranekin kontuz ibiltzea erabaki dute sendagileek, okerrera egin ez dezaten. Lombraña, bestalde, zigortuta dago eta, hori gutxi balitz, Etxanizek eta Markelek arazo fisikoak dituzte eta azken unera arte itxaron beharko dute jokatzeko prest diren jakiteko.

Arazo larriena -Tokero joan ostean- erasoan du taldeak, Yague baita prest dagoen aurrelari bakarra. Fitxaketak noiz helduko zain, Pousok bigarren taldeko Asier Sanchez deialdian sartzea erabaki du. Honek partida aulkian hasiko duen arren, entrenatzaileak minutuak emango dizkio gaur arratsaldean.

Ez du oraingoan, beraz, Pousok aldaketa handirik egiteko aukera, defentsako jokalariz betetako deialdi batekin. Atzo iragarri zuenez, entrenatzailearen zalantza bakarra Markeli dagokiona da: hau ondo egonez gero, erdiko lerroan arituko da lekeitiarra; mina desagertu ez bazaio, berriz, Txema Añibarro sartuko da hamaikakoan.

Arazo ugari, beraz, zailtasun ugari sor ditzakeen aurkari baten aurrean. Xerezek, izan ere, hirugarren postuan ospatu ditu Gabonak. Pousok, hala ere, ez du inolako aitzakiarik nahi. «Ez da gauza berririk -adierazi zuen atzo-. Eibarrentzat aurkari guztiak dira zailak. Xerezekin gauza bera gertatzen da, baina norgehiagoka jokatu behar dugu eta irabazten saiatuko gara». Gauza bera erantzun zuen, bere taldeak duen hutsune-zerrenda itzelari dagokionez. «Inoiz ez duzu gustuko, baina denboraldian zehar behin baino gehiagotan gertatzen dira horrelakoak. Horrelako egoerei aurre egin beharra dago; garrantzitsuak daudenak direla jakinda», esan zuen.

Entrenatzaileak, hala ere, fitxaketaren bat edo beste izatea espero duela onartu zuen.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo