GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Autoen segurtasuna bermatzeko legedia gogortu dute Estatu frantsesean

Komunikabideek gutxi aipatu badute ere, Estatu frantsesean autoen segurtasun maila bermatu nahi duen dekretua indarrean da urtarrilaren 1etik. Dekretuak hogeita bat «arrisku irizpide» finkatzen ditu.

p020_f01_96922.jpg

Urtarrilaren lehenetik aitzina, autoen segurtasuna bermatzeko neurri berriak finkatu ditu Gobernu frantsesak. Informazioa, hasiera batean Internet bidez zabaldu zen. Zurrumurru batekin hasi ondoren, abenduaren erdialdean baieztatu zuen Barne ministro frantsesak informazioa «Le Figaro» egunkarian. Dekretu berri horren xedea «arriskutsu izan daitezkeen autoen zirkulazioa» debekatzea da.

Hori dela-eta, istripuren bat izan ondoren, autoak jasandako kalteak aztertzeaz gain, aseguru-etxeak izendaturiko adituari «autoaren kaltegarritasuna» azter dezan eskatzen zaio.

«Autoaren azterketa horrek ez du deus ikustekorik autoak izandako istripuarekin», argitu zuten Gobernuko kideek. Horretarako, Gobernu frantsesak hogeita bat «arrisku irizpide» finkatu ditu. Herdoildura, segurtasun-uhalen eraginkortasuna, frenoen berotasuna, motelgailuen xahutzea dira, besteak beste, adituek aztertu beharrekoak.

Zirkulatzeko debekua

«Segurtasunari dagozkion puntu horiek aurretik izandako istripuen edo autoaren antzinatasunaren ondorio izan litezke», nabarmendu zuten.

Azterketa egin ostean adituak autoa zirkulatzeko arriskutsua dela erabakitzen badu, horren berri emango dio Barne ministerioari. Horrenbestez, autoak zirkulatzeko debekua izango du.

Autoaren jabeak zirkulatzeko baimena aitortzen duen «karta grisa» Estatu frantseseko lekuko ordezkaritza den Prefekturan utzi beharko du autoa konpondu arte. Konponketak egin ostean, adituak autoa aztertu beharko du berriz ere. Eta, horrela, azken horrek eman beharko du berriz zirkulatu ahal izateko baimena.

1991n, Gobernu frantsesak autoen segurtasuna bermatzeko ildo bereko lehen lege bat bozkatu zuen. Autoen salmentak behera egiten zuela-eta, garaiko Barne ministro François Balladurek «derrigorrezko kontrol teknikoa» sistema ezarri zuen.

Lau urtetik gorako autoak bi urtetik behin kontrol zehatz bat egitera behartzen ditu lege horrek. Horretarako, jabeak autoa kontrol tekniko zentro batera eraman, hirurogeita hamar bat euro ordaindu eta autoa zirkulatzeko beharrezko baldintzak betetzen dituen jakinarazten diote. Hala ez bada, autoa berriz ere gidatu ahal izateko konponketak egitera behartzen dute. Sistema horrek autoen salmentak gora egitea lagundu zuen bere garaian.

Hala eta guztiz ere, 1991n legea bozkatu zelarik, informazioa handizki zabaldu zen komunikabideetan. «Autoen arrisku maila» aztertzen duen azken dekretu honen berri, aldiz, autoari buruzko egunkari eta aldizkari espezializatuek soilik eman dute. Eta, Gobernuak ez du berretsi aurreko legearekin bezala, dekretu berri horrek salmentak bultzatzeko bozkatua izan den. Bestalde, dekretuan 2010erako oinarrizko hogeita bat «arrisku irizpide» horiei beste hamar gehituko dizkion bigarren atala aurreikusia dago.

1991. urtean

1991n autoen salmenta bultzatzeko «derrigorrezko kontrol teknikoa» finkatu zuen Gobernu frantsesak. Lehen lege horren bidez, bi urtetik behin autoaren azterketa zorrotza egin beharra dute gidariek.

2010

Urtarrilaren 1a geroztik indarrean dagoen dekretuak hogeita bat «arrisku irizpide» finkatzen ditu. 2010ean irizpide zerrenda hori gogortzea erabaki du Gobernu frantsesak, beste hamar puntu gehituz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo