GARA > Idatzia > Iritzia > Gutunak

Jose Miguel Betelu Ziganda | Administrazioan Euskaraz Taldea

Xabier Azanza, UPNren marketin arduradun

Administrazioan Euskaraz taldeak Euskarabidea eta Xabier Azanza bere zuzendariaren papera salatu nahi du, euskaldunon eta euskararen aurkako UPNren politika zuritzeko baita.

Iazko abenduaren 19an «Berria» egunkarian emandako elkarrizketa marketin lanaren adierazgarri ezin hobea da.

Euskarazko hedabideak sustatzeko diru-laguntza mantentzea lorpentzat jotzen du, hedabide horiek erabat urduri eduki eta gero. Hurrengo urterako onartutako murrizketa izugarria garrantzi gabeko jotzen du, ziur baitago aurrekontua handituko dela.

Nafarroako Gobernuko administrazioa euskalduntzeko dekretuaren aldaketa saltzen du, aldaketa hutsaren hurrengoa den arren. Euskararen Kontseiluaren iritzia desitxuratzen du, aldaketa ezin xumeago horren aldekoa izan balitz bezala.

Euskararen Legeak 22 urte bete ondoren, eremu ez euskaldunean D eredua ezar daitekeela adierazten du. Zertan aritu dira, ba, 22 urte hauetan?

Euskararen Legea aldatzeko kezka handiegia dagoela aipatzen du. Europako Kontseiluko adituen txostenaren balioa gutxiesten du eta kritikak zuzentzeko lanean ari direla aipatzen du. Nork sinets dezake hori, ikusitakoa ikusi eta gero?

TIL eredua defendatzen du. euskara berdin menperatuko omen dute ikasleek eta ingelesa ere bai. UPNren politikaren defendatzaile ederra! Nafarroako Gobernuak euskararekin konplitzen duela errateraino.

Ikastolen Federazioaren inguruan ibilitako pertsona lortu du UPNk bere politika ziztrina zuritzeko. Marketin operazio hutsa, euskaltzale inozo edo gaizki informatuak engainatzeko. Zer erranik ez, euskararen mundutik urrun dabiltzanak.

Administrazioan Euskaraz taldeak ongi daki marketin horren atzean ez dagoela ezer, euskararen eta euskaldunon aurkako betiko politika berbera ez bada.

Euskarabidea eta Xabier Azanza Nafarroako Gobernuaren marketin operazioa besterik ez direla argi utzi nahi dugu, edukirik gabeko marketin operazioa.

Gera bedi hori, inork bere burua nahastu baino lehen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo