Top 14 | Zuri-gorriak
Hutsune garrantzitsu batzuk izan arren, Biarritzek puntuak lortu beharra du
Jon LEUNDA | BIARRITZ
Biarritzek bide onera itzultzeko premia handiarekin jokatuko du gaur Bourgoinen zelaian, 14.30etik aurrera. Aukera ona izan daiteke zuri-gorrientzat aurrerapauso bat emateko. Bourgoin beheko hirugarren postuan dago, jaitsieratik puntu bakar batera, eta beraientzat ere garrantzi handiko neurketa izango da. Haien urduritasunaz ere baliatzeko modua izan dezakete euskaldunek.
Ez du bete, orain arte behintzat, Jean Michel Gonzalez entrenatzaileak aurretik uste zena. Emaitzak ez dira aldatu, eta zaleak kezkatzen eta urduritzen hasita daude Biarritzen.
Gaurko partidarako, baja ugari izango ditu entrenatzaile euskaldunak, eta horien artean bat nabarmentzekotan, Imanol Harinordokirena. Hutsune horiek direla-eta, harrobiko jokalariak deitu ditu teknikari lapurtarrak, eta lehen aldiz Adrien Aiestaran gaztea sartu du deialdian. 21 urteko mutil honengan itxaropen handia du, eta oso litekeena da -hasieran aulkian geratu arren - gaurko partidan minutu batzuk jokatu eta lehen aldiz Top 14an aritzea.
Biarritzen hamabostekoa honako hau izango da: Coetzee, August, Pretorius, Thion, Hall, Lund, Som, Vahafolau, Yachvili, Peyrelongue, Bidabe, Traille, Cabannes, Ngwenya eta Bosch. Aulkian, berriz, Noirot, Barcello, Roidot, Lauret, Aiestaran, Trainer, Faafaly eta Jhonstonne geratuko dira.
Gaurko partidak, beste berri berezi bat ere badakar, izan ere, epailea ingelesa izango da, Barnes. Ingalaterrako eta Frantziako federazioek akordio bat dute bi liga horietan epaileak trukatzeko, eta ingeles bat izango dute zuzendari Biarritzekoek.