Aizkora
Jon Rekondo gaixorik dago, eta zail izango du Leitzako saioan aritzea
J.L. | DONOSTIA
Urrezko Aizkorako A Multzoko neurketa erabakigarria izango da Leitzan bihar eguerdian, 12.00etatik aurrera, irabazten duenak finalerdiak jokatuko baititu.
Alde batetik, Rekondo eta Arria V.a eta, bestetik, Mindegia eta Senosiain I.a ziren aritzekoak. Izan ere, ezuste handiren bat ez baldin bada, aldaketak izango dira.
Azkenaldiko gripe izurriak jota dabil Jon Rekondo, eta oso zaila izango du bihar aritzeko prest egotea. Aurtengoan, antolatzaileek biko bakoitzari ordezko bat jarri diote, baina hemen ere ez da zorterik izan. Lasa da bikote honen ordezkoa, baina Legorretakoa min hartuta dago. Ezin izan zuen joan den igandean Bigarren Mailako finala ere jokatu, eta hura ere ez dago aritzeko moduan. Beraz, oraindik ez dago erabakita Jon Rekondoren ordezkoa zein izango den, bera osatzen ez baldin bada, behintzat.
Gazte mailako norgehiagoka ere izango da Leitzako pilotalekuan. Saralegi eta Olano Erasun eta Kañamares III.aren aurka neurtuko dituzte indarrak. Neurketa honek ere ikusmin handia piztu du. Iaz bigarren geratu zirenak, biak Leitzakoak, gainera, aurtengo faboritoen aurka arituko dira.