GARA > Idatzia > Iritzia > Editoriala

Ibarretxe, bitxiloreari petaloak kentzen

Bitxilorearen lore-hostoak erori dira eta, azkenean, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrak martxoaren lehenean bozkatzera deitu ditu Juan Jose Ibarretxek. Hilabetetan luzatzen ari zen kanpainaurreari abiapuntu ofiziala jarri zaio era honetan. Nolanahi ere, kanpainan buru-belarri sartu aurretik, azken garai honetan gertatu diren hainbat auzi gogoratzea komeni da.

Loiolako elkarrizketetan, euskal gizartean babesa duten proiektu politiko guztiak bideragarri bihurtzeari ezetz esan ondoren eta, zentzu honetan, PSOErekin lerrokatu ondoren, gehiengo batek Gernikako Estatutua azaletik moldatzeko baina funtsa ez ukitzeko EAJren eta PSOEren arteko akordioa aurreikusten zuen. Antza, baita EAJren agintariek ere. PSOEn, ordea, beste kontu batzuk egin zituzten, eta Lehendakaritzarako lehiatzeko hautu irmoa erakutsi zuten. Euskobarometroa baino fidagarriagoak omen diren inkestak erabili zituzten erabaki hori hartzeko. Ondoren, Josu Jon Imazen bazterketaren ondoren, bazirudien Ibarretxe ez zela aurrerantzean PNVren hautagaia izango. Areago bere Planek bigarrenez Estatu espainiarraren ezezko biribilarekin topo egin ostean. Ze sinesgarritasun politiko izan dezake herritarren aurrean «demokraziaren adierazpen goren» gisa duen kontsultaren debekuari hain otzan erantzuten dion politikariak? Baina, berriro ere, inkestek argi erakutsi zuten Ibarretxerekin nekez, baina bera gabe EAJk ezin bide zituela hauteskundeak irabazi. Nolanahi ere, inkestek ere argi erakusten dute, ezker abertzalea baztertuta, akordio posibleena EAJren eta PSOEren artekoa dela. Eta, hauteskunde erretolikaz harago, maitaleen arteko jokoetara itzuli dira alderdi hauek. Aurrekontuen inguruko akordioak horren froga dira. Hartara, Imazek landatutako loreak bere fruituak eman ditzake.

Halere, Teruelgo maitale hauek galdera bat erantzun behar dute bitxilorea zuritu aurretik: nola justifikatuko du EAJk, gizartearen talde zabala ez ezik, berak ordezkatu nahi omen duen gehiengoa ere baztertzen duenarekiko maitasun/menpekotasun istorio hau?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo