GARA > Idatzia > Iritzia > Gutunak

Josu Jimenez Maia Berriozar

Gaza, geza, giza...

Gaza. Gaza eta, oro har, Ekialde Hurbila oso urruti daude. Hain urruti, ezen gure belarrietara ez omen da heltzen bonbardatze masiboen oihartzuna, ez palestinar zaurituen garrasiak, ezta hildakoen isiltasun ozena ere. Hemen eta, oro har, Mendebalde ustez demokratikoan, lazgarria zait batzuen isiltasuna Gazako genozidioaren aurrean.

Geza. Bi munstroen teoriaren arabera, Gobernu sionista txarra da, baina bonbei harrika erantzuten dieten gazte palestinarrak ere bai. Diskurtso hori garatzen duten guai horiek, ongia eta gaizkiaren gainetik agertu nahi horretan, ez dira palestinarren alde bustitzen... ez da politikoki polita eta, gainera, horrela, ez dira zipriztinduko. Bere burua ezkertiartzat jotzen duten guai asko daude, ez ardo ez ur, ez fu ez mu, zaporerik gabeko sasi ezkertiarrak: gezak.

Giza. Giza Eskubideen Deklarazioa paper errea da Israelen. Ez ahaztu: euren irudiko, Israel Jangoikoak hautaturiko herria da eta Palestina agindutako lurraldea. Beste guztiok, kristau izan, musulman izan edo ateo izan, «jentilak» baino ez gara. Sionismoa arrazista da oso, eta Jangoikoak emaniko lurra ari dira «garbitzen». Lerrook idazterakoan, 360 baino gehiago dira hildakoak, eta kopuruak gora eginen du, Israelek dioenez, orain arteko erasoaldia «lehen urratsa» baino ez baita izan.

Goza. «Etxea ezta enea, gozatzen baizen eztut». Esakune hori Koldo Mitxelenaren «Orotariko Euskal Hiztegia»n agertzen da gozatu hitzaren lehenbiziko adieran. Gobernu sionistak gozatzen du Palestina, baina Palestina palestinarrena baizik ez da. Estatu sionista inperialismo eta kapitalismoaren ondorioa da eta Palestina gozatzen, ustiatzen du Mendebalde kapitalistaren baimenarekin. Gazako sarraskien aurrean eta epelkeria guai alferretan ibili gabe, goza dezagun guk elkartasunaren sugarra eta gora dezagun Palestinaren aldeko aldarria: elkartasuna itzaltzen ez den sugarra baita.

Gaza, geza, giza... horrek burura dakarkit Mikel Laboa zenaren kanta gogoangarria...

«Baga, biga, higa, laga, boga, sega, zai, zoi, bele, arma, tiro, pun!».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo