GARA > Idatzia > Iritzia > Gutunak

Xanti Begiristain Madotz Iruñea

Mankomunitateko autobusak eta Baluarte

Iruñerriko Mankomunitateko autobusetako arrapalak inoiz ez dira oso ongi ibili eta, dirudienez, orain ere berdintsu jarraitzen dute. Azken bolada honetan gutxiagotan erabiltzen dut zerbitzu hau beste arrazoi batzuengatik, baina begira ezazue zer gertatu zaidan bi aldiz azken hilabete hauetan.

Urria aldean, 15. lineako autobus batean sartu nahi nuela, arrapala ez zen atera. Arratsalde hartan bertan, Armada etorbidean hartu nahi nuen 4. lineako beste autobus bat Atarrabiara joateko, eta bata bestearen atzetik lau autobus etorri eta bakar bati ere ez zitzaion arrapala atera. A zer nolako zerbitzua eta puntualtasuna! Errealitatetik kanpo nengoela ematen zuen. Javier Torrensek agian pentsatuko du gutxitu fisikoen denborak gutxiago balio duela.

Eta abenduaren 13an, Pio XII.a etorbidean 4. lineako autobus batean sartu nintzen. Ongi ibili zen. Harrigarria! Ateak itxi eta autobusa abiatu egin zen, baina arrapala kanpoan geratu zen (hori ez dakit teknikoki gerta litekeen, baina hala gertatu zen, eta ez da izan ikusi dudan lehenengo aldia). Arrapalak auto bat jo eta busa matxuratuta gelditu zen. Kanpora atera ninduten. Hurrengo bi autobusei ez zitzaien arrapala atera. Azken gidariak itxaroteko eskatu zidan, enpresak taxi egokitu bat bidaliko zidala. Taxia ez zen iritsi. Hurrengo autobuseko txoferrak agindu zidan barrura sartzeko, antza denez, une horretan ezinezkoa baitzen taxi egokitua lortzea; zur eta lur gelditu nintzen. A zer eraginkortasuna! 24 taxi egokiturik Iruñerrian eta bakar bat ere etorri ez! Egun berean jakin nuen Nafarroako Gobernuak ez diela uzten kobratzen taxilariei, abiapuntutik bezeroa hartu arte. Hori dela-eta, gidariak oso haserre omen daude eta urrutiko zerbitzuak ez omen dituzte egiten; ez nau batere harritzen!

Istorioaren bukaera: azkenean, iritsi nintzen Baluarte parera, Armada etorbidean. Eskailerak daude. Gurpil-aulkian sartzeko igogailua erabili beharra dago. Laguntza eskatu eta pertsona batek hiru aldiz jo zuen txirrina nire ordez. Inork ez zuen erantzun. Baluarteko eraikin osoa inguratu eta, azkenik, barrura! Emaitza: batzarrera behar baino 30 minutu beranduago iritsi nintzen.

Bukatu baino lehen, irakurleari gogorarazi nahi diot orain dela hiru bat urte Mankomunitateari egin nizkiola ia-ia 200 kexa idatziz, lehendakariari eta Montañesako arduradunari. Eta Baluarteko gerente jaunarekin ere beste bizpahiru aldiz izan nintzen, espresuki igogailuaren gaia tratatzeko. Ikusten denez, gauzak lehengo egoera bertsuan daude, edo okerrago. Bikain gabiltza!

Lehenago esan dudana, praktikan argi eta garbi dago gutxitu fisikoen denborak gutxiago balio duela Administrazioko gestore askorentzat eta, gainera, gu elbarriok, jakina, ez gara hozten, ez haserretzen, ez bustitzen, ezta deus ere! Bizitza arrunt ederra da, noski!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo