GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Fotolog fenomenoa: kontakturik eta begiradarik gabeko harremanen arrakasta

Fotolog-a Interneten abiadan zabaltzen ari da. Oinarritzat argazkia duen tresna da, baina argazkigintzarekin lotutako erabiltzaileak baditu ere, nerabeek elkarrekin komunikatzeko tresna gisa erabiltzen dute, eta horri zor dio ziur aski izan duen izugarrizko arrakasta.

p021_f01_44492.jpg

Jasone MITXELTORENA

Doakoa eta erabile-rraza da fotolog zerbitzua: ez du konplexutasunik, erantzuteko aukera ematen du, gustukoekin konektatzea ahalbidetzen du eta komunitate bateko kide sentitzeko aukera eskaintzen du. Mota guztietako eta informatikari buruzko ezagutza maila ezberdineko jendearengana iristen da.

«Norberak egiten duena eta norberaren ni-a besteekin partekatzeko joera izugarri zabaltzen ari da Internetekin, eta fotolog-a hori egiteko beste tresna bat gehiago besterik ez da», azaltzen digu Iratxe Esnaola, Interneten adituak.

Erabiltzaileei dagokienez, nerabeen gehiengoaz gainera, adin guztietako jendea eta argazkigintza zaletasun dutenak ere badaude eta, beste maila batean, fotolog-a argazkigintza lantzeko tresna gisa hartzen dutenak, argazkiaren kalitatea bilatu eta beren lanak ezagutzera emateko erabiltzen dutenak hain zuzen.

Doakoa izateak Interneten erabiltzaile guztiengana iristea ahalbidetzen du, baina badira nolabaiteko kuota ordainduta zerbitzu hobea eta aukera gehiago eskaintzen dutenak.

Sare honen dimentsioa izena eman dutenen kopurua neurtuz ezagutu daiteke: mundu mailan bi milioi erabiltzaile baino gehiago ditu. Esnaolak nabarmendu duenez, «sarearen benetako funtsa suma daiteke, gustuko fotolog-en zerrendak egiteko aukera ere ematen baitute. Fotolog guztien konexioa ahalbidetzen du eta jauzika oso urrutira irits zaitezke».

Zer eskaintzen du?

Fotolog-a argazkia oinarri duen bitakora da. Erabiltzaileak egunean argazki bat sar dezake, eta nahi izanez gero, iruzkin bat erantsiko dio; hori da ohikoena. Argazkigintza lantzen dutenak argazkiaren beraren inguruan mintzatuko dira, eta erabiltzaile ohikoenek, berriz, beren bizimodua ezagutzera emateko baliatuko dute.

Behin sarean sartuta, bisitariek euren iruzkinak egin ditzakete, eta horren inguruan sortzen da hartu-emana. Sarritan aurretiko harremanen artean trukatzen dira argazkiak. Hala ere, elkar ezagutzen ez dutenen arteko harremanak ere sarri sortzen dira. Bitartekorik ez dago apenas. Nahiz eta kasu batzuetan zentsura salatu den, bakoitzak nahi duena sar dezake fotolog-ean.

Hasiera batean arrakasta AEBetan lortu bazuen ere, 2005ean Brasilekoa zen erabiltzaile kopururik handiena. Txile zen bigarrena, ondotik AEBak, eta jarraian Argentina. Euskal Herrian ere zabalduta dago gaur egun, eta aipatzekoa da fotolog-ak sortzeko hemengo tresna: www.argazkiak.org

Internet-en erabileraren inguruan maiz gertatzen den bezala, fotolog-en inguruan ere etikari dagokionez eztabaida sortu da. Intimitatea gordetzeko beharraren aurrean, Esnaolak dio ez diola horri erasorik egiten, norberak ongi dakiela argazki bat edo iruzkin bat sartzen duenean sarean argitaratuko dela eta, beraz, «gure intimitatea ez zabaltzea gure esku dagoela» ziurtatu du. Blog batean DBHko irakasle batek argitaratutako adierazpen batean, hezkuntza arloari dagokionez sorturiko kezkaren berri ematen zuen. Alde batetik Internet-ek eskaintzen dituen baliabide anitzen inguruko ezagutza eskasa salatzen zuen irakasle horrek; fotolog-en gisako tresnen erabilera hain zabalduta ikusirik, gazteek bestelako tresnak alde batera utzi dituzten susmoa duela aipatzen zuen. Zentzu horretan, ikastetxeetan hezkuntza bereziaren beharra nabarmentzen zuen. Esnaola bat dator horrekin: «Teknologikoak tresna hutsak dira eta gakoa erabilera izanik, prestakuntza teknologiko arduratsua ezinbestekoa bilakatu dela» baieztatu du.

Mahai gainean azaltzen da bestalde komunikazio modua. Iratxe Esnaolaren ustez, «egun, teknologiaren garaian, komunikatzeko era ugari ditugu. Horregatik, halabeharrez, aurrez aurreko komunikazioak tartea galdu du. Internet-eko harremana espazio eta denbora dimentsiotatik at dago; beste modu bat da, non ez dagoen kontakturik ez begiradarik. Bakoitza nahi duen moduan agertu eta beste errealitate bat, birtuala, eraikitzera irits daiteke, errealitate fisikotik ihes egiteko edo ez».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo