Craig Sage eta Mike Dovos, jaioterria atzean utzi eta Euskal Herria maitatzen ikasi duten bi surflari
Mundakako olatuak nazioartean duen sona ez da nolanahikoa. Asko dira urtero-urtero taula beso azpian hartuta Bizkaiko kostaldera heltzen diren atzerriko surflariak. Baina horietako batzuk ez dira egun batzuk pasatzearekin asetzen, lotura estuagoa bilatzen dute.
Jon Ander PALENZUELA
Craig Sage australiarra eta Mike Dovos estatubatuarra beren bizilekua jaioterritik oso urrun ezartzea erabaki zuten bi surflari dira. Zehatz esanda, Bizkaiko kostaldea aukeratu zuten beraien bizitza egiteko leku, Mundaka hain zuzen ere, eta arrazoia bertako olatuaren kalitateaz gozatzeko aukera izatea izan zen, besteren artean.
Craig Sage Australiako Newcastle hirian jaio zen orain dela 51 urte eta, azaldu digunez, 1980. urtean, Zuzenbidea ikasten zebilen gazte bat besterik ez zela, hartu zuen bere bizitza aldatuko zuen erabakia: Europa «deskubritu» nahi zuen «bere surf taula eta lagun baten konpainiarekin».
Europa ezagutzeko xede horretan, Euskal Herrira iritsi baino lehenago Cornuallesen, Ingalaterran, ibili zen sorosle lanetan eta, esperientzia hori amaitutakoan, ferry batean iritsi omen zen Santanderrera. Bilbora lekuz aldatu zen ondoren eta orduan izan zuen bere lehen hartu-emana Euskal Herriarekin.
Sagen esanetan, 80eko hamarkadaren hasieran Bilbo «oso hiri industriala» zen eta, beraz, bera Australian jaio zen zonaldearen «tankerakoa». Hala ere, eta ahoan irribarre txiki bat duela, bi gauzak arreta eman ziotela dio: «Mundakako olatuak eta bertako emakumeak».
Eta, azkenean, lehen aldiz izan eta bi urte geroago, 1982an, berriz itzuli zen, oraingoan bertan betiko gelditzeko asmoarekin. «Bizitza aurrera atera ahal izateko» surfeko materiala saltzen hasi zen Mundakan. Argitu duenez, material hori Australiatik inportatzen zuen, garai haietan Euskal Herrian «oso gauza gutxi» baitzegoen kirol horretan aritu ahal izateko.
Sagek berak onartu duenez, hasieran «arriskutsu samarra ematen zuen negozio horretan sartzeak eta inork ez zuen txakur txiki bat ere ematen nire etorkizunagatik». Baina jakina den moduan, usteak erdia ustel, eta gaur egun australiarra surf denda garrantzitsu baten jabea da eta munduko WCT surf zirkuituak Iberiar Penintsulan duen proba bakarraren (Billabong Pro Mundaka) arduradunetako bat da.
Atzera begira jarrita eta urte hauetan guztietan izan duen ibilbidea ikusita, euskaldun-australiar honek argi du «zorte handia» dela «hemen bizi ahal izatea». Bilboko emakume batekin ezkonduta dago eta Euskal Herrian jaiotako bi seme ditu. «Bertako kultura, aurrez ezagutzen nuenarekin alderatuta hain ezberdina, zein ongi jaten den, paisaiaren edertasuna eta mundu mailako kategoria duten olatuekin gozatzeko aukera» dira Sagek Mundakan eta Euskal Herrian bizitzeaz gehien baloratzen dituen abantailak.
Hoteleko bezero... eta langile
Denbora gutxiago darama Mundakan Mike Dovos 41 urteko estatubatuarrak. Floridan jaiotako surflari honek 1999. urtean egin zuen bere lehendabiziko bisita Euskal Herrira, taularen gainean Mundakako olatuak probatzeko asmoz. Baina bisita soila zena «beste zerbait bilakatu zen, amaiera eperik gabeko egonaldia, lekuarekin maitemindu egin nintzelako». Dovosek lana aurkitu zuen bezero gisa zegoen hotelean bertan eta, orain, hotelean gauez egiten duen lana egunez surfeko klaseak ematen osatzen du. Modu horretan, bere «bizitza estiloa» egitea lortu du, hau da, surfaren inguruan dabilen bizitza.
Aipatu duenez, Mundakako bizitza erritmoak bultzatu zuen bertan gelditzera, «Estatu Batuetakoa baino askoz lasaiagoa, bizitza sozial askoz gehiagokoa». Eta, noski, Mundakako olatuek. Aurrera begira, Floridako surflariaren helburua Euskal Herrian «etxe bat erostea» da, «nahiz eta nahiko zaila dagoen», eta gaztelania hobeto ikasteko nahia duela ere azaldu digu, baita euskara ikastekoa ere.
Azken batean, Mike Dovosek oso argi du «surfari esker» beste kultura bat eta beste hizkuntza batzuk ezagutzeko aukera izan duela. Bere hitzetan, bizitzan egin duen «onena» izan da Mundakara etortzea.