GARA > Idatzia > > Kultura

Antonio Zavala herri literaturaren ikertzaile eta euskaltzaina hil da

Urte luzeak eman zituen Antonio Zavala jesulagun eta euskaltzain tolosarrak ahoz ahoko kontakizunak bildu eta herri literaturaren memoria paperean biltzen. Auspoa bilduma ezagunaren sortzaile, bultzatzaile eta eragileetako bat izandakoa atzo zendu zen Xabierko santutegian, 80 urte zituela. Hileta elizkizuna bertan izango da, gaur, arratsaldeko lau eta erdietan.

p048_f01_199x112.jpg

GARA | DONOSTIA

Antonio Zavala Etxeberria euskaltzain oso eta jesulaguna herenegun hil zen Xabierren, 80 urte zituela. 1928an Tolosan jaioa, Bihotz Sakratuaren Eskolan eta Aita Eskolapioen ikastetxean egin zituen lehen ikasketak, 17 urterekin Loiolako santutegira joatea erabaki zuen arte. Bertan eta Urduñan Humanitateak ikasi zituen eta Oñan, Filosofia. Xabierren, berriz, Irakasle-ikasketak egin zituen (1953-1956) eta, Oñara itzulita, Teologia ikasi zuen (1956-1960). 1959an apaiz ordenatu zen eta irakasle lanetan jardun du Donostiako San Inazio ikastetxean. Zavalaren aldeko hileta elizkizuna gaur izango da, 16.30ean, Xabierren. Euskaltzaindiak plazaratutako ohar baten arabera, «herri literaturaren onarpenari, azterketari, zabalkundeari eta suspertzeari» eskaini zion bere bizialdi osoa. Umea zela, Adunako festetan entzun zituen bertsolariak lehenengo aldiz, nahiz eta Tolosan bertsopaper saltzaileak txikitatik ikusi. 1949an bereganatu zuen baina, bere lehendabiziko bertsopapera, Pello Saikola bertsolariari erositakoa, eta haren bertsoekin Auspoaren liburu erdi bat bete zuen urte batzuen buruan.

Bilduma

Auspoa bilduma 1961ean sortu zuen, eta lehen liburuari «Sagardoaren graziya» izenburua jarri zion, Ramon Artola bertso-jartzaile tolosarraren bertsoak bildu zituen lan horretan.

«Herri literatura biltzeko, ikertzeko, zabaltzeko, egin behar zuen lana hasi baino ez zuen egin urte hartan», zioen Euskaltzaindiaren oharrak. Izan ere, Auspoa argitaletxeak bertsolaritzaren eta herri literaturaren zein ahozko literaturaren ezinbesteko izenen lanak argitaratu ditu bere historian zehar, horien artean, Txirritarena, Pello Errotarena, Pedro Mari Otañorena, Udarregirena, Errikotxiarena, Xenpelarrena edota Bilintxena. Guztira, 320 bat liburu plazaratu dira Auspoa bildumaren barruan, prosa zein bertso, eta horietako ehun libururen egile izan zen Zavala, gainerako lan guztien «eragile, biltzaile, kopiatzaile eta editore» izatearekin batera. Horrez gain, luxuzko hogeita hiru liburu ere argitara eman zituen.

Auspoaz gain, ordea, beste bilduma batzuen sortzaile ere izan zen jesulagun tolosarra. 1993. urtean «Biblioteca de Narrativa Popular» izenburupean, gaztelaniazko kontakizunak jaso zituen. Hortaz, gaztelania erabiltzen zuten idazle zaharren memoria ere berreskuratu zuen: Indalecio Zaballa, Masio; Humbelino Ayape, nafarra; Hilario Jarne; Justo Peña; Daniel Cuesta; Felix Lumbreras; Eloy Tejada... eta beste batzuen kontakizunak jaso zituen bilduma horretan.

1956an, Euskaltzaindiak 36ko Gerra ostean egin zuen lehen bileran, Zavalaren bertso berrien argitalpenaz aritu ziren. Zavalak, bere lanean, «herri osoaren partaidetza eskatzen zuen, bertsopaperetan, ahozko oroimenean eta testigantza ezberdinetan, Euskal Herri osoan zehar galdutako milaka bertso berreskuratu eta sailkatzeko». 1961ean Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izendatu zuen eta, 1964ko abenduaren 18an, euskaltzain oso, «euskararen eta herri literaturaren alde egindako lana eskertzeko asmoz». Garai hartan Euskaltzaindiak antolatzen zituen Bertsolarien Txapelketak eta Zavalari horietan epaimahaikide izatea egokitu zitzaion. Txapelketako bertsoak paperean jasotzea eta argitaratzea zen bere arduretako bat.

Sari eta aintzatespenak

Joxemari Iriondo euskaltzainaren esanetan, Zavala «isilka eta bakarrik hasi zen lanean», baina Euskaltzaindiaren 1956. urteko bilerarako «berrogeita hamar mila bertso edo gehiago bilduta zituen». 2005. urtean, urte luzeetan bildutako artxiboa Gipuzkoako Foru Aldundiaren esku utzi zuen eta hark digitalizatu egin zuen.

Bere lana une askotan izan da publikoki onartua eta sari ugari jaso zituen. 1996an Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokako Argizaiola saria jaso zuen; urtebete geroago, Labayru ikastegiak emandako Gatzontzia saria, herri literaturaren alde egindako lanagatik; 1999. urtean, Deustuko Unibertsitateak honoris causa doktore titulua eskaini zion; eta 2002an, Tolosak herriko seme kuttun izendatu zuen.

Andres Urrutia euskaltzainak, bestalde, Zavalaren ikertzaile sena azpimarratu zuen: «Ikerkuntza-lana da Auspoaren orrialdeetan nagusi, horrek egiten baitu Zavala maisu. Bildu ez ezik, landu, jorratu, eta apailatu egin du eskutik eskura eta ahoz aho ibilia, aurrerantzean paperezko sorta antolatuan izan dezan irakurle jakinguratsuak». Bere ustez, «nekez aurkituko da Euskal Herrian halako bildumarik» eta, «nekezago, bistan da, Zavalaren modukorik».

320 LIBURU

Auspoa argitaletxearekin herri literaturaren zein ahozko literaturaren ezinbesteko izenen lanak argitaratu zituen, horien artean, Txirritarena, Pello Errotarena, Pedro Mari Otañorena, Udarregirena, Xenpelarrena eta Bilintxena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo