GARA > Idatzia > > Kultura

Mixu Mixelena Sustraia eta MMX taldeetako kidea hil da, bihotzekoak jota

Sustraia taldeko kantari eta MMX kultur egitasmoko kide Patrick Mixelena, «Mixu» ostiralean zendu zen Aviron Baionakoaren eta Castresen arteko partidaren hasieran abestu eta gutxira.

p049_f01_96x96.jpg

GARA | BAIONA

Bihotzekoak jota hil zen ostiralean Patrick Mixelena, Mixu lapurtarra. Jean Dauguer estadioan Aviron Baionakoaren eta Castresen arteko partidaren aitzinean ereserkia kantatu zuen, eta norgehiagoka hasi eta gutxira zendu zen.

Mixelena 1970ean jaio zen Donibane Lohizunen eta oso gazte hasi zen musikagintzan. 1992an sortu zen Sustraia taldearekin egin zen ezagun eta, azkenaldian, MMX proiektuan buru-belarri zebilen, Maialen Errotabehere eta Xalbatxekin batera.

Gaztetatik musikan

Badira urte batzuk Mixu Mixelena bere pasioa, musika, bizibide zuela. Oso gazte eman zituen bere lehendabiziko pausoak musikaren munduan. Orain 22 urte, 16-17 urte besterik ez zituela, Ipar Haize taldea sortu zuen Pantxoa Bergara eta Xalbatxekin batera. 1990ean Izan taldeko kide izan zen eta Urruñako Kuxkuxtu txaranga ezagunean ere hartu zuen parte. Mixu baina, Sustraia taldearekin egin zen ezagun, batez ere, «Mustafa» kantuari esker.

MMX (Maialen, Mixu, Xalbatx) proiektua izan da azken denboran Mixuren lantoki. garak urrian argitaratutako elkarrizketa batean azaltzen zutenez, Euskal Herriko musikaren munduko hiru erreferente ezberdin, hiru estilo ezberdin elkartu ziren MMX diskoa egiteko. Euskal Herriari eta diasporari begira, disko horretan euskal kantu zaharren bertsio berriak grabatu zituzten. Mixuren hitzetan, diskoko kantu guztien artean arrakasta handiena izan zuena «Hegoak» abestiaren bertsioa izan zen.

Urriaren 19an Euskal Herritik Argentinaranzko bidea hartu zuten, eta bertan hainbat kontzertu eskaini zituzten. Buenos Airesen jo zuten, baita La Platako Euskal Astean ere. «Argentinako kontzertuetan lehen astea ia betea da. Baina antolatua denaz gain, taberna batera sartu eta poteoan gitarra atera eta kantatu nahi dugu jendea girotzeko», nabarmendu zuen Mixuk Argentinarako bidaia hasi aurretik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo