Julen MURGOITIO
Iraganera bidaia (eta IV)
Hirurehun eta hirurogeita bost egun abisatzen egon eta gero joana da dagoeneko 2008a. Ondo izan bedi iraganean etorkizuna bideratzeko aukera jatorrik ekarri ez zuena! Bai, hasi bezalako liskarbidean amaitu dugu urtea, nork bere tunelean, 2008ak aurreko urteek baino segundo bat gehiago iraun badu ere. Pentsatzen hasita, litekeena da segundo bat gehiago iraungo duen hurrengo urtean, datorrenean datorrela ere, tunelak eguneko argia ikusten hastea! Azken batez, konbentzituta nago arazoa tunelean zirkuluka den jendearena baino tunelena eurena dela. Bai, konbentzitu egin naute. Eta urte berrian gara! Urte berri on, edo. Hau ere abisatzen jaio da, amaitu egingo den abisuaz; nabigatzaileentzako abisua. Hauteskunde-deiarekin hasi da urtea; martxoak 1 duenean, orduantxe. Bakoitzak bere argudioak herritarrei argi eta garbi zabaltzeko momentua dela entzun berri diot oraingo lehendakariari; zer eta zelan egingo duen berak guztien argudioek zabaltzeko aukera bera izan dezaten misterioa da, lur santuko etengabeko gerra bezala. Misterioa. Amen. Adierazpen askatasuna, bai, adierazpen guztiena, jakina! Are gehiago, guztiok adierazi eta gehiengoak adierazia gauzatzeko askatasuna. Bermatuko ote du hori Ajuria Eneako maizterrak ala iraganera egindako bidaia izango ote da bere laugarren legegintzaldia? Egin apustua, orain legezkoa da eta! Tira, harira! Legebiltzarra disolbatu egin behar du, hauta-bidea hasi dadin. Ez zaio asko kostatuko! Izan diren euriteekin disolbatua da dagoeneko; beheko Estatuko Gobernuaren iparrorratza den denontzako kafean disolbatua izan ere. Akusatuen aulkitik eutsiko dio maizterrak kanpainari astelehenetik ostiralera bitartean. Hau kolpea! Nik ere nahi nuke horrelako egutegiko lehendakaria izan, asteburukoa! Zati baterako jardueraz! Dena dela, hau kolpea ere!, epaiketak dirauen aldian Eusko Jaurlaritzak «aurrera doan Herria» izaten segitzen badu normaltasun betean, lehendakari baten beharra ez dagoen seinale! Jendartea horizontalizatzen hasteko sekulako urratsa izango litzateke hori, indarreko piramide-egitura behingoz kamusten hastekoa. Ea bada! Total, amaitu dira Gabonak! Pikutara! Gazako ospitaleetan apenas da argindarrik, eta gure hiriko kale nagusietan, ostera, sobera eta lar. Ea behingoz indar iraunkorra ateratzen dugun argudioen argitik! Ondo izan.