Urteko lehen partida
Egonkortasunaren bila, ilusio berri bati hasiera emateko
Garaipena lortuz gero, zuri-gorriek sailkapenaren erdialdean finkatzea lortuko lukete, partidaz eta erronkaz beteta datorren urtarril hasiera honetan.
A.U.L. | BILBO
Kontraesana badirudi ere, azken bolada onari eusten eta aro berri bat hasten saiatuko da gaur Athletic. Izan ere, lehenak bigarrena ekar lezake.
Sekulako maila erakutsi zuten zuri-gorriek urte amaieran, sei jardunalditan hamahiru puntu eskuratuz. Horri esker, aste batzuk lehenago ezinezkoa zirudien hamabigarren postuan ospatu dituzte Gabonak. Liga baina, nahiko estu dago oraindik eta estropezu bakar batekin lasaitasunak ihes egin diezaieke, batez ere partidaz eta erronkaz beteta datorren urtarril honetan.
Abenduko bolada bikainari eutsiz gero, berriz, Athletic aro berri batean sar daiteke. Berria eta ilusioz betetakoa. Gaurko hiru puntuak lortuz gero, talde bilbotarrak sailkapenaren erdialdean sendotzea erdietsiko luke -jaitsiera postuekiko bederatzi puntuko aldea ezar dezake-, eta helburu berriei ateak zabalduko lizkieke. Horrela gertatuko balitz, urtarrila partidaz, erronkaz eta ilusioz beteta etorriko litzateke.
Xede hori betetzeko aurkari aproposa izan beharko luke gaurkoak, jaitsierako postuetan dagoela kontuan hartuta. Athleticek egin duen ibilbidearekin zerikusirik ez du Espanyolenak; puntu bakarra lortu du azken sei jardunalditan. Zuri-urdinei dagokienez, orain arte egindako bideari eustea porrota areagotzea izango litzateke.
Arreta alde bietan
Bilbotarrek, noski, ezin dute partida erraza izango denik esan. Joaquin Caparrosek, jokalariak astean zehar egin duten bezala, Espanyolen alderdi onak goraipatu zituen atzo, ondorio latzak izan ditzakeen lasaikeria saiheste aldera. «Kalitatea du, lehen mailan esperientzia handia duten jokalariak eta prestigio handiko entrenatzailea -azpimarratu zuen-. Bere lana nabarituko da, nortasuna emango dio taldeari eta adi egon beharra dugu horrekin. Beraiek, hala ere, badakite Athleticeko jokalariek maila onena eskaintzen badute, oso zaila izango dutela garaipena eskuratzea», ohartarazi zuen.
Gauza bera uste du Manek, batez ere partida San Mamesen jokatzen dela aintzat hartuta. «Beraien prestazioak hobeak dira etxean aritzen direnean -onartu zuen-. Beraien maila berdintzea lortu behar dugu norgehiagoka honetan, bestela asko sufrituko baitugu».
Manek, bestetik, partida «berezia» izango dela onartu zuen. Baina, bestalde, buruan duen gauza bakarra partida nahi eta nahi ez irabaztea dela ere esan zuen.
Espanyoleko entrenatzailea izango da dudarik gabe arratsaldeko protagonista, baina zuri-gorrien artean ere egongo dira batzuk. Esaterako, Gaizka Toquero, nahikoa izan baitu hiru lansaiotan parte hartzea deialdian lehen aldiz sartzeko. Harekin batera, Iraola eta Gurpegi ere sartu dira, min hartuta dauden Murillo, David Lopez eta Garmendiaren ordez.
Usurbildarra izango da, hala ere, horietatik hamaikakoan arituko den bakarra. Berak eta Markel Susaetak eskuineko hegal berritua osatuko dute.
Itxura ezin hobea eskainiko du San Mamesek urteko lehen partida honetan. Izan ere, Ekialde eta Alboko aurrealdeetako sarrerak agortuta daude.