Kopa
Boueten huts batek Aviron lehiaketatik at utzi du
Euskaldunek norgehiagoka negargarria egin zuten. Aukera bat besterik ez zuten sortu partida osoan, eta horrela ezinezkoa da neurketa bat irabaztea.
AVIRON 0
VITRES 2
Jon LEUNDA | BAIONA
Ustekabean geratu da Aviron Frantziako Kopatik at. Maila bat beherago dagoen talde batek, eta Baionan bertan, utzi du lehiaketatik at. Hala ere, kanpotarrak hobeak izan ziren, talde ona dutela erakutsi zuten, eta merezita egin dute aurrera.
Partida azkeneko minutuan erabaki zen, orduantxe lortu baitzuen Vitresek beren lehen gola. Aparteko arazorik ez zuen baloi bat jaurti zuen Lafaixek area kanpotik, baina Bouetek huts galanta egin zuen, eta 0-1 jarri zen markagailua. Bigarren gola azkeneko jokaldian heldu zen, eta horrek jada ez zuen garrantzirik.
Avironek norgehiagoka negargarria egin zuen. Partida irabazitzat ematen zen hasi aurretik, eta tentsio falta hori nabaritu zen. Baloia oinetan izan zuten, baina ia aukerarik ez zuten sortu partida osoan zehar. Kanpotarrek, aldiz, mordoxka bat izan zuten.
Lehen zatiko lehen oren erdia soberan egon zen, bietako inork ez baitzuen ezer egin. Baloia baionarrek izan zuten, baina ezin gerturatu kanpotarren ate ingurura. Azkeneko ordu laurdenean, ordea, Vitresek izan zituen aukerak. Tibendak garbi bat izan zuen 29. minutuan, baina jaurtiketa zutoinera joan zen. Tibendak beste bat ere izan zuen, baina Bouetek geratu zuen. Lafaixek eta Corteillek ere bana ukan zuten, baina baloia kanpora joan zen.
Zuri-urdinek, aldiz, bat besterik ez zuten izan. Atsedenera heltzeko hamar minutu falta zirela, Lalanek jaurtiketa ederra atera zuen, baina Chervolierrek kornerrera bidali zuen baloia. Bigarren zatian, Alain Pochatek, etxekoen entrenatzaileak, Amieux kendu eta Seidou zelairatu zuen, baina honek ere ez zuen eraginik izan.
Lehen zatian lehen ordu erdia soberan egon zen, eta bigarrengoan azkeneko minutuetan bakarrik ikusi zen jokoa, ordura arte ez baitzen ezer gertatu. Baloiak euskaldunen oinetan jarraitzen zuen, baina beti ere goitik jokatu nahi izaten zuten, eta ezin zuten minik egin.
Kanpotarrak, aldiz, atzera ari ziren egiten, lan handia egiten, eta nekea ere sumatzen zitzaien. Beti ere kontraeraso baten zain zeuden, eta horrelaxe heldu ziren golak.
Neurketa amaitzeko minutu bat besterik falta ez zela, Corteillek jaurtiketa bortitz bat egin zuen, baina Bouetek geratu zuen. Bazirudien luzapena helduko zela, baina ez zen horrela izan. Lafoixek areatik kanpo baloi bat hartu, eta aparteko indarrik eman ez bazion ere, Bouetek huts egin zuen, eta kanpotarren gola heldu zen.
Epaileak emandako lau minutu falta ziren amaitzeko, baina ez zegoen astirik. Aurrera jo zuten, eta kontraeraso batean Estradek penaltia egin zion Lafoixi. Horrek berak jaurti zuen eta bigarren gola heldu zen. Ordurako erabakita zegoen, baina horrekin dena amaitu zen, erditik atera bezain azkar, amaitu baitzen partida.
Baionan itxaropen handia zuten aurten Lehen Mailako baten aurka jokatzeko. Maila bat beherago dagoen taldea zuten atzo aurrez aurre, baina euskaldunek ez zuten ezer egin, eta merezita geratu dira Kopatik kanpo.