GARA > Idatzia > Kirolak > Errugbia

Biarritzek burua altxatu ezinik jarraitzen du

BOURGOIN 15

BIARRITZ 14

J.L. | BIARRITZ

Biarritzek defentsako lanari esker lortutako puntua batu zuen atzo Bourgoinen zelaian, baina ezin esan emaitza oso ona denik. Frantziarrak jaitsierako postuetatik oso gertu zeuden, eta Ligako faboritoetako batek -atzo taldean jokalari garrantzitsu batzuk falta baziren ere- ezin du horrelako zelai batean horrelako etekin kaskarra atera.

Aurtengo Biarritz baina, ez da aurreko urteetakoa. Iaz baino hobeto ibiliko zela zirudien hasieran, baina partidak aurrera egin ahala, ez dela horrela ikusten ari gara. Atzo berriro ere itxura eskasa eman zuen, eta bide beretik jarraitzen baldin badu, Heineken Kopan sartzea ere ia ezinezkoa izango du. Entrenatzaile aldaketa izan zuen, baina Gonzalezek ere ez du orain arte, behintzat, aurretik espero zen emaitzarik ekarri.

Joko gutxi

Joko gutxi izan zen atzo Bourgoinen zelaian. Zuri-gorriak ahalegindu ziren erasora jokatzen, baloia eskura jokatzen, baina etxekoak ongi aritu ziren defentsan.

Bourgoinek ez zuen aparteko ezer erakutsi, entsegu marrara heltzea asko kostatu zitzaion, baina ostikoetan euskaldunak baino askoz ere hobeto aritu ziren. Izandako aukerarik gehienak barrura sartu zituzten, eta horri esker lortu zuten garaipena.

Horixe izan zen atzoko partidaren mamia. Etxekoak ongi aritu ziren jaurtiketetan, ez, ostera, euskaldunak. Entsegu bat gauzatu zuen Biarritzek, baina transformazioa huts egin zuten, eta hor joan zen partida. Hura lortu izan balute, garaipena Euskal Herrira etorriko zen, baina ez zuten gauzatu. Garbi dago euskaldunek asko hobetu behar dutela. Oso talde ona dute, aurrean ibiltzekoa, baina emaitzak ez dira heltzen, eta beheko taldeak gero eta gertuago daude.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo