GARA > Idatzia > Kirolak > Bruesa

Nou Congost «labea» ezagutuko dute donostiarrek Manresan

A. G. | BILBO

Gustukoa da sasoi onean dauden bi talde txiki elkarren aurka ikusteak. Beldurrik gabe, irabazteko asmoz ez ezik, gozatzeko ere jokatzen dute, are gehiago zaleek presio egiten badute.

Halakoa izango da gaur arratsaldean, 19.00etan hasita, Ricoh Manresak eta Gipuzkoa Basketek jokatuko duten neurketa. Talde biek azken urteetan ACBko maila galdu eta berreskuratu dutelarik, ezin izan dute elkarren aurka jokatu. Horrenbestez, Lasorenek behingoz Nou Congost pabiloiko «labea» ezagutzeko parada izango dute.

«Manresakoa kantxarik zailenetakoa da. Ikusleak gainean izaten dira, eta horien bultzadari esker aldeko partzialak lortu ohi dituzte etxekoek. Horixe bera egingo dute gure aurka, kontzentrazioa galtzen badugu», aitortu du asteon Pablo Lasok.

Lasaitasuna eta Kopa

Sei garaipen poltsikoan, sailkapenaren erdialdean, lasai asko bizi dira donostiarrak, Bilbao Basketekin berdindurik. Gainera, astean zehar Pankok, Roek eta Marconatok arazo fisikoak gainditu dituzte eta jokatzeko prest izango dira arratsaldean.

Aitzitik, Jaume Ponsarnauren gizonek garaipen bat gehiago dute, eta Kopa jokatzeko aukeraren bat badute oraindik. Gipuzkoa Basketeko entrenatzailearen aburuz, «Asselin da Manresaren jokoaren giltzarria. Baina, Rubio, Montañez edo Bulfoni bezalako jokalariekin talde orekatua osatzen dute».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo