France 3 Euskal Herri telebista kateko langileek greba egin dute
Estatu frantseseko ikus-entzunezko publikoetan publizitatea arratsaldeko zortzietatik goizeko seiak arte kentzeko lege berria atzo jarri zen indarrean. Lege horrek dakarren programazio aldaketa dela-eta, France 3 Euskal Herri-ko Baionako langile guztiek greba egin zuten atzo.
Idoia ERASO | BAIONA
Atzotik aurrera, Estatu frantseseko ikus-entzunezko publikoetan ez da publizitaterik izango arratseko zortzietatik goizeko seiak arte. Murrizketa hori ezartzen duen lege berria dela-eta azken hilabeteotan greba ugari izan dira France Télévisions eta Radio Franceko langileen artean. Atzokoan France 3 telebistako langileak ziren greban. Baionan telebistak duen egoitzako langile guztiek greba egin zuten eta protesta horrek asteazkenera arte iraungo du. Hainbeste protesta eta arazo sortu dituen legea urtarrilaren 7an berrikusiko da eta moldaketa batzuk aurreikus daitezke.
Publizitatea albistegien kontra
France 3 Euskal Herri-ko langileentzat, beraien albistegiaren errepikapena desagertzea da arazo nagusia. Albistegiak audientziarik handiena zortziak bost gutxitan egiten zen errepikapenean lortzen zuen. Lehen emanaldia arratsaldeko zazpiak hogei gutxitan izaten zen eta errepikapena arratsaldeko zortziak bost gutxitan, baina lege berriaren ondorioz bigarren emanaldia desagertu egingo da. Lehenengo emanaldia -aurrerantzean bakarra- luzatu egingo da zazpi minututik hamar minutu irautera pasatuz, eta bi minutu lehenago hasiko da.
Estatu frantseseko deskonexiorik ikusiena da Euskal Herrikoa, baina atzotik egoera desegonkortu egin da. Zortzietatik aurrera publizitaterik ez denez izango, ordu hori ailegatu bai-no lehen publizitatea sartzeko profitatuko dute. Lapurdiko hiriburuko langileek orain arte lortua zuten audientzia atxikitzeko, albistegiaren beste errepikapen bat eskatzen dute arratsaldeko zazpiak eta zortziak bitartean.
Atzoko grebarako deia sindikatu guztiek egin zuten. Taldeetako batzuek protesta bihar arte luzatzea proposatu dute, baina egunotarako jarraipena ez dago ziurtatua.
Estatu frantseseko ikus-entzunezko publikoetan arratsaldeko zortzietatik goizeko seiak arte ez da publizitaterik izango atzotik aurrera. Programazioaren berregituraketa ekarri du lege berriak.
Albisteen lehen emanaldia arratsaldeko zazpiak hogei gutxitan egiten zen eta, audientzia gehien zuen errepikapena, zortziak bost gutxitan. Baina publizitatea sartzeko bigarren emanaldia desagertuko da.