GARA > Idatzia > Kirolak > Futbola

Kopa

Ikuskizuna eskaintzeko gogoz datoz Atletico Madril eta Bartzelona

GARA | DONOSTIA

Kopako itzulerak etxean edo lagunekin lasai asko gozatzeko izaten den partida atsegin horietako bat dakar gaurko. Izan ere, Atletico Madrilek eta Bartzelonak euren indarra neurtuko dute final zortzirenetan, 20.00etatik aurrera, Vicente Calderon futbol zelaian.

Katalanak atsedenik gabe ari dira Ligan, lidergoari eutsiz, eta bigarren sailkatuari (Valentzia) hamaika puntuko aldea ateraz. Azken partidan 3-1 gailendu ziren Mallorcaren aurka, orain arte egin duten joko ikusgarri eta patxadatsua mantenduz.

Madrildarrek, aldiz, badirudi urte berriarekin indarra alde batera utzi dutela. Hamabost partida (Ligako zortzi) galdu gabe iraun ostean, iragan larunbatean ezin izan zuten puntu bakar bat ere lortu Unai Emery hondarribiarraren Valentziaren aurka.

Bestalde, futbolzale askok ikusi nahiko lukeen Messi-Agüero argentinarren arteko norgehiagokak ametsetan bakarrik izan beharko du oraingoz. Bartzelonakoak jokatu ahal izango du, Guardiola katalanen entrenatzaileak Mallorcaren aurkako partidan atsedena eman ostean. Baina madrildarren aurrelariak aulkian hasiko du norgehiagoka Javier Aguirrek atzo aipatu zuen moduan. Haren ordez, Sinama Pongolle frantziarra arituko da hasieratik.

Laburbilduz, nahiz eta talde askok aldaketa nabarmenak izaten dituzten Ligan eta Kopan, gaurko partida ikusgarri honetan golak eta ikuskizuna aurreikusten dira. Bartzelona, lidergoan izateaz gain, gol gehien sartu duen taldea da (55 gol) eta Atletico Madrilek tinko eusten dio atzetik, 39 golekin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo