Maider Eizmendi Kazetaria
Urte berrian ere zaharrak berri
Hala erabaki zuten behin, eta beste erremediorik gabe onartu guk. Bai, abendua da urteko azken hila, eta 31. eguna berriz azkenetan azkena. Txinan, berriz, hogei egun barru emango diote hasiera euren urte berriari. Aurtengoa idiarena dute eta pazientzia, ontasun eta lanerako aldia da, nonbait.
Egun bakarreko saltotxo hori, baina, izugarrizko egin dugu guk; egin, bai. Analisirako, hausnarketarako, seguru aski beteko ez ditugun asmoak botatzeko ateratzen diogu probetxu urte berriaren hasierari, turroia ahoan, eta tragoxka esku artean hartuta dugula.
Orain bi egun irakurtzen nuen egunkari batean sona duten artistek urte berrirako jarri dituzten xedeetako batzuk: erretzeari uztea, soberan omen dituzten kilotxoak botatzea, kirola egiten hastea... Bai, egunotan, orain bi aste baino egingarriagoak dirudite guztiek, urtea aldatzearekin batera bizitza aldatzen hasteko grina natural hartzen dugulako, erremediorik gabea. Aldatzen hasteko arrazoiarekin topo egiten dugu nonbait. Nola hasiko gara, bada, garbi jaten edota erretzeari uzteko saialdia egiten urrian eta zer egin behar dugu gero urtarrilean?
Horoskopoak ere luzerako aurreikuspenak egiten ari dira. Jupiter gora eta Jupiter behera, lanean, ingurukoekin... izango dituzun zailtasun eta erronkak iragartzen, zehaztasunik gabe badaezpada, nork bere aldarte eta egoerara molda dezan uzteko. Ez naiz horrelakoekin gehiegi fio, baina kontxo, irakurritakoan ezin dut «eta asmatzen badu» pentsatzeari utzi, hain dira iragarpen potoloak; bai, orain arte izandako guztia alboratu eta bizitza goitik behera berregin beharrean izango zarela diote gutxi gorabehera, niri behintzat sentsazio hori ematen dit eta ez nuke esango kontutxo batzuk aldatuko ez nituzkeenik, baina den-dena...
Urteak jada seigarrena du gaur eta nirean behintzat aldaketa gutxi, zeudenak daude, oraindik behintzat, eta ez zeudenak ez egoten jarraitzen dute. Orriaren goiko aldean jarri beharreko urtearen zenbakian nabaritu dut aldaketa ia bakarra.