Iker Sagastibeltza Galarraga Mamarigako Kultur Etxeko kidea
Amets urte, gari urte
Seguru esaera zaharra ezagutzen duzuenok ohartu zaretela! Ez zen, bada, «Elur urte, gari urte»? Beti dabiltza Kultur Etxeko hauek ametsetan? Negu Eguna dela, Kultur Eguna dela, ikastaroak direla... ametsak zirenak egunerokoaren zati bihurturik. Eta dena autogestioaren bidez! Hau ametsa! Edo beharbada setakeria?
Muturra okertzen dugu egitasmo honen adina kalkulatu guran. Edonola ere, argi dagoen gauza bakarra da urte ugari direla. Ah, eta oso burugogorrak garela, beste hainbeste urte bete nahi izateraino gainera. Garai luzea okupazioan, balizko kanporatze horrek asaldaturik.
Bai, egia esanda, zama hori buru gainean sentitzea nekagarria da oso eta, hala ere, kontua da bidea egiten jarraitzea, ezta? Eraikitzen segitzea eta daukagun irrika oro gauzatzea. Hori baino gutxiagorik? Urteak ere gugan igartzen dira eta konturatzen garenerako gure bizitzak ere ibilbide luzea egin du Kultur Etxeari lotua. Pentsatzen hasita... zenbat amets, zenbat gogo, zenbat alaitasun! Zaila egingo litzaiguke aurrera egitea hau guztia barik, zeren eta hau guztia baikara dagoeneko.
Gainera auzoko jendeak ekintzetan parte hartzen du, eta Eki Eguna auzoko jaia dela badaki sobera. Baita Negu Eguna edo Kultur Eguna ere. Orduan lehen aipatutako nekea indar bilakatzen da, eta egin beharreko lana gure ametsa dela ziurtatzea lagungarri suertatzen da, bizigarri.
Bizipen eta sentipen mordoa, eta jakina denez, tristezia ere zenbaitetan. Batez ere asanbladako kide batek ihes egin behar izan zuenean. Min handia sentitu genuen, baina kemena ere bai. Hainbat lagunek utzitako arrastoa gure gogoan erein den moduan, halaxe loratzen baitira gure urratsak. Nolatan ez diogu, bada, hemen dugunari eutsiko? Horrenbesteko ahalegina ezin da alferrik galdu! Hori baino gutxiagorik?
Eta orain 2008. urteak agur esan berri digu, eta Negu Egunean desio txarrak erretzen ditugunean bezala, beste hasiera bat irudikatu nahi dugu. Bueno, hobeto esanda, jarraipen bat. Etengabe berritu behar den bide bat. Eta hori da inportanteena, urte honetan amets eta proiektu guztiei ilusioz eustea. Izan ere, amets urte, gari urte.