Elur mailak gaur eta bihar behera egingo du, itsasertzera heltzeraino
Iparraldetik sartu den fronteak elurra eta hotza ekarri ditu Euskal Herrira. Kostaldean ere, itsasoaren mailan, elurra egingo duela iragarri dute eta barnealdean berriz, hotza eta izotza izango dira nabarmenen. Errepideetan tentu handiz ibiltzeko gomendioa egin dute.
GARA |
Atzo arratsalde-iluntzean jada eguraldiak erakutsi zuen okerrerako joera eta gaurko eta biharko egin dituzten iragarpenek hotza eta elurra agindu dute.
Hala, Nafarroako Gobernuak abian jarri du Neguko Bidezaintza Plana. Elurra kentzeko 45 makina prest dira eta errepideen zaintza areagotu da, batez ere, arazo gehien ematen dituzten errepideetan: A-15, A-10 eta A-1ean. Beste hainbeste egin du Lakuako Gobernuak eta elurra kentzeko makinez gain, pisu handiko garabiak ibiliko dira errepideetan zehar, elurragatik edota izotzagatik bidean gurutzatuta geratzen diren kamioiak baztertzeko.
Euskalmet agentziak aditzera eman duenez, mendebaldea eta kostaldea izango dira ekaitzak gogorren joko dituen inguruak eta prezipitazio maila handienak izango dituztenak. Eguna lasaiago abiatuko bada ere, orduek aurrera egin ahala, elur mailak behera egingo du eta arratsalde parterako 100-200 metrotan egon litekeela ohartarazi dute.
Tenperaturak ere beherantz
Lurraldearen hegoaldean ere hotz handia izango da, hala ere elurra haraino iritsiko denik ez dute espero. Nafarroako Gobernuaren iragarpenak, nolanahi ere, tenperatura baxuak aurreikusten ditu eta iragarri dutenez, Iruñean, esaterako, termometroek ez dituzte 3 graduak gaindituko, eta zero azpitik hiru gradu markatzeraino ere irits litezke. Baionan, berriz, tenperatura zero azpitik bi gradutaraino ere jaitsiko dela aurreikusten dute.
Gaurkoa petrala, baina biharko iragarritako eguraldia kaxkarragoa da. Itsasoaren mailan ere elurra egin dezakeela iragarri dute eta tenperatura maximoek ez dituztela zero graduak gaindituko barnealdeko hainbat herritan. Gainera, ipar haizea nagusituko da eta horrek sentsazio termikoa baxuagoa izan dadin egingo du.
Izotz arriskua ere lurralde osora zabalduko da eta horregatik, batetik eta bestetik errepidean tentu handiz gidatzeko gomendatzen ari dira.
Ostegunean hasiko da berriz ere eguraldia onera egiten, tenperaturak goranzko joera hartuko du eta ostarteak agertuko dira zenbait lekutan.
Nafarroako Gobernuak aurreikusi duenez, mila metroko altueran bost eta hamabost zentimetro bitarteko elur pilaketak izango dira datozen orduetan.