Datu ekonomikoak edonolakoak izanda ere, beti dute alde positiboa... zenbaiten interesentzat
Abenduko KPIren datu ofizialak ezagutzeko zain, Estatu espainoleko Kontsumorako Prezioen Indize Bateratua delakoaren aurrerapenaren arabera, inflazioa %1,5ekoa izango da, azken hamar urteetako txikiena, petrolioaren eta lehengaien prezioek behera egin dute-eta. Hala ere, Europako Banku Zentraleko presidenteordeak %2tik beherako inflazio iraunkorra saihestuko dutela iragarri du. Hitzetik hortzera azaldu izan dituzte herritar gehienen ekonomiarentzat kaltegarriak ziren neurriak hondamendi ekonomikoa saihesteko beharrezkoak ziren argudioarekin. Esate baterako, interes tasen handitzea eta ondorengo hipoteken garestitzea inflazioa kontrolpean izateko neurriak ziren. Orain, ordea, inflazioak behera egiteak hondamendira eraman omen lezake ekonomia, eta deflazio beldurgarriari ihesi, ez dirudi ekonomia ahulenak kontuan izango dituztenik. Azalpen horiek diskurtso demagogiko baten parte dira, non datuek beti duten irakurketa positiboa, are kaskarrenek ere. Eta, egiaz, egoerarik txarrenean ere, onak izaten dira bakan batzuen interesentzat; gehienentzat, orain krisiak modu gordinenean kolpatzen dituenentzat, beti txarrak badira ere.