GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Etxerati mehatxu egin dio Rubalcabak, neurri legalak har ditzakeela adieraziz

Zein delitu egotzita argitu ez badu ere, Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministro espainolak, joan den larunbateko manifestazioa dela-eta Etxeraten kontrako neurriak har ditzakeela adierazi du.

p012_f02_111x111.jpg

GARA |

Larunbatean milaka eta milaka lagun bildu zituen Etxeraten manifestazioak zeresanik ematen du oraindik ere. Atzo, Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministro espainolak izan zuen ahotan, presoen aldeko manifestazio jendetsua eta ekimen honen aurka «neurri legalak hartzeko» aukera mahai gaineratu zuen.

Bilbon barna larunbatean egindako manifestazioak Lakuaren baimena zuela onartu arren, haren kontrako neurriak hartzeko aukera ez duela baztertzen adierazi zuen Rubalcabak Madrilen egindako agerraldi batean, alta ez zuen argitu zein delitu edota arrazoik daraman era honetako neurririk planteatzera. Haatik, «ikuspegi judizial batetik begiratuta», neurriak hartzea «konplikatua» dela ere onartu zuen agerraldian.

«Heriotza zigorrik ez! Biziarteko zigorrik ez! Euskal presoak Euskal Herrira!» lema hartuta, azken urteotako manifestazio jendetsuenetakoa burutu zen Bilbon. GARAk egindako zenbaketaren arabera 37.000 lagunetik gora egon zen bertan, gaixorik diren edota euren zigorra beteta duten presoen askatasuna galdeginez eta euskal presoen Euskal Herriratzea aldarrikatuz.

Presoen argazkiak izan ziren manifestazioaren burua, euskal presoen Euskal Herriratzea eskatzen zuen bandera erraldoiaren ondotik. Bost ilara luzetan zabaldutako 764 erretratuek bertaratutakoen aldetik txalo andana jaso zuten, baita hainbat malko ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo