GARA > Idatzia > Iritzia > Gaurkoa

Tasio Erkizia ezker abertzaleko militantea

Epaiketa eskandalagarria

Bilbon gaur hasiko den epaiketaren harira, Tasio Erkiziak prozesu horren nondik norakoak aztertzen ditu. Europar testuinguruan elkarrizketa politikoa kriminalizatzea eskandalagarria izateaz harago, Erkiziak epaiketaren gakoa elkarrizketen mamia bera dela baieztatzen du. Bere iritziz, modu negoziatuan eta baketsuan erabakitzeko eskubidea gauzatzeko aukera da orain epaitu nahi dena.

Gaur bertan, urtarrilaren 8 honetan, Euskadiko (hiru probintzietako) Auzitegi Gorenean, Bilbon, epaiketa guztiz berezia eta harrigarria egingo da. Berezia, lurralde hauetako lehendakaria eta PSOE zein Batasuna alderdietako beste zazpi politikari jezarriko direlako akusatuen aulkian. Oraingoan zein den egin duten «bidegabekeria»? Oso gauza arrunta eta beharrezkoa: Euskal Herriak bizi duen gatazka politiko gordinari konponbidea emateko bidean zenbait bilera egitea eta elkarrizketaren bidea erabiltzea.

Lurralde bateko hiru alderdietako zortzi zuzendari politiko epaitzea gutxienez oso deigarria da edozein herrialde edo estatuan. Horrelako gertaera bat kezkagarri bilakatzen da zortzikote hori nazio bateko hiru alderdi politiko nagusien ordezkaria denean. Eta areago, edozein gizarte zibilizatutan eskandalagarria eta sinesgaitza da arazo bati irtenbidea emateko elkarrizketa bultzatzeagatik epaitzen baldin badituzte. Non ezagutu da politikoen arteko elkarrizketa «delitu» bilakatzea?

Baina bai, Espainiaren menpe dauden herrialdeetan hori ere gertatzen da. Datozen egunetan Bilbon epaituko dituzten Juan Jose Ibarretxe (EAJ); Patxi Lopez eta Rodolfo Ares (PSOE); eta Arnaldo Otegi, Rufi Etxeberria, Juan Joxe Petrikorena, Pernando Barrena eta Olatz Dañobeitia (Batasuna) egitate horren lekuko dira. Ordezkari politiko hauen «bekatu» bakarra bakea bideratzeko burutu dituzten elkarrizketa saioak dira. Epaileek «desobedientzia» leporatzen diete, baina zeri eta nori «desobedientzia»? Elkarrizketa bideak ere oztopatu nahi dituzten epaileen agindu batzuei? Ez al digute erakutsi bada, bakea balore preziatua dela eta hori lortzeko «infernuko deabruarekin ere» mintzatu behar dela?

Gertatzen ari dena ez da txantxetakoa. Zortzi pertsona horientzat -horietatik lau politika egiteagatik kartzelan daudenak- dakarren enbarazu eta sufrimendutik harago esanahi handiko epaiketa dela deritzot. Ez da epaiketa arrunta, Europako historia guztian segur aski aurrekaririk gabekoa izango baita.

Aitortzen dut huts egin dudala nire aurreikuspenetan. Beti pentsatu izan dut inoiz ez zela epaiketa hau egingo. Ziur nengoen Estatu espainiarreko indar faktikoei ez zitzaiela interesatzen sistemaren deslegitimazioa hain urrun eramatea. Baina badirudi gutxi axola zaiela edo beste interes batzuk lehenesten dituztela. Ez litzateke batere harritzekoa lehen saioan epaiketa bertan behera uztea, baina, halere, joan diren muturrera heltzea oso larria da. Gertaera kezkagarria bezain adierazgarria da, azterketa politiko sakona merezi duena.

Batetik, demokrazia eza adierazten duen epaiketa da, «demokrazia zero» egoeraren isla garbia. Izan ere, demokrazia deitzen den edozein sistemaren oinarriak, besteak beste, bi hauek dira: herriaren nahia edo borondatea betetzea (ekinbide publiko guztien oinarria) eta hori gauzatzeko ezinbestekoa den estatu bateko botere banaketa bermatzea; hain zuzen ere, epaiketa honek bete-betean hausten dituen bi printzipioak. Zeren noren izenean, bakearen aldeko herriaren garrasiari entzungor eginez, epaile batzuek elkarrizketa saioak «delitutzat» jo ditzakete? Zein printzipioen arabera oztopatu dezake epaile batek konponbidea lortzeko edozein herritarrek egin dezakeen ahalegina? Eta herritar hori ordezkari politikoa bada, nor dira epaileak ekinbide politikoen egokitasuna neurtzeko?

Bai badakit, legea txiklea bezain malgua eta interpretagarria denez, epaileek beraien euskarri formalak izango dituztela; baina betiere ez demokraziaren defentsan, beste interes politiko batzuen izenean baizik. Honelako epaiketak begi-bistan uzten du Estatu espainiarrean ez dagoela demokraziarik eta salbuespen egoeran bizi garela adierazten du.

Bestetik, politikariak beraiek sorturiko amaraunean kateaturik gelditu dira. Alegia, Alderdien Lege antidemokratikoaren morroi dira. Ezker abertzalearen aurka sorturiko tranpak bete-betean harrapatu ditu. PSOE izan zen alderdiak ilegalizatzeko sortu duten legearen asmatzailea. Eskuinean duen alderdi neofrankista baino harago joan nahirik, ezker abertzalea suntsitzeko bidean, Euskal Herriko sektore zabal baten eskubide sozial eta politikoak urratzen dituen legea ohiko duten harrokeriaz bultzatu zuen. Eta orain sare horretan gatibu aurkitzen dira. Eskuinaren esku utzi zuen lege antidemokratikoa Lopezen eta Aresen aurka erabili dute Karmelo Barrio eta enparauek.

Gainera, elkarrizketaren bidea kriminalizatzea dute helburu. Epaile batzuen xedea eta jomuga konponbide politikoa ere kriminalizatzea al da? Jakin badakigu PPren aspaldiko ametsa dela Euskal Herrian elkarrizketarako eta negoziaziorako bide eta aukera guztiak deuseztea, arrazoi eta arazo politikoei, Frankoren garaietan legez, indarrez eta bortizkeriaz erantzunez. Azken negoziazio saioetan, Estatu espainiarrean kazetari legez lanean diharduten anitzek behin eta berriz PSOE salatu dute ustez elkarrizketa bidea hartzen zuelakoan, ezker abertzalearekin hitz egitea bera ere hutsegite larria bailitzan adieraziz. Garai hartan Zapateroren alderdikoak ez ziren gai izan elkarrizketaren bide demokratikoak indarrez eta serioski defenditzeko, eta orain zenbait epaileek PPren helburu politiko hori beren gain hartuz jokabide hori «demonizatu» nahi dute. Alegia, arazo politikoak bideratzeko mundu guztian normaltzat eta egokientzat hartzen duten negoziazio eta elkarrizketa bideak ilegaltzat eta delitutzat jotzea dute helburu, ondorengo hilabete edo urteetan horrelako tentaziorik eduki ez dezaten.

Azkenik, azpimarratu nahi nuke, erabakitze eskubideari dioten beldurra dela epaiketa honen sakoneko arrazoia. Alegia, Konstituzioak eta Autonomi Estatutuek jartzen dizkiguten mugen barruan gobernu berria osatzeko bilerak balira, ilegalizatutako alderdiren bat tartean izan arren, ez liokete inolako garrantzirik emango. Edo beste modu batera esanda, ezker abertzalearen errendizioa negoziatzeko bilerak bedeinkazio guztiak izango lituzkete. Baina, aldiz, Euskal Herriaren etorkizuna askatasunean eraikitzeko saiakerak debekatu nahi dizkigute. Beraz, gakoa ez da ilegalizatutako alderdiarekin bildu direla, zertarako bildu diren baizik. Gakoa, bileren helburua eta mamia da. Ez dute aitortuko, baina bistan da epaiketa honetan ideiak eta proiektu politikoak kriminalizatzen direla. Gehiegi esatea al da modu negoziatuan eta baketsuan erabakitzeko eskubidea gauzatu ahal izateko aukera epaitu nahi dutela?

Epaiketa hau, Europa guztiarentzat eskandalagarria izateaz gain, Euskal Herriaren aurkako eraso bortitza da. Nazio bezala, sigla ezberdinen gainetik, erantzun sendoa eta zabala mereziko lukeena. Epaile batzuek ez dute eskubiderik herriko agintariak eta zuzendari politikoak mespretxu horrekin tratatzeko eta are gutxiago gure herriaren etorkizuna elkarrizketaren bidez zabaltzeko beharrizana oztopatzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo